Zinema aretoetan ia berria den teknologia hori, baina, zaharra da argazkilaritzan –oso ezaguna ez den arren–. Jose Luis Feo arrasatearrak 17 urte inguru daramatza argazkilaritza estereoskopikoan lanean.
Eta nola lortzen du Feok argazkiak hiru dimentsiotan eskaintzea? Hark azaldutakoaren arabera, gure begiek zerbait ikusterakoan egin behar izaten dutena egiten du proiektoreen bitartez: "Konplexu samarra da, baina modu errazean honelaxe azal daiteke: guk irudi bat bi ikuspuntutatik ikusten dugu, eskuineko begitik eta ezkerrekotik. Horrela lortzen dugu hirugarren dimentsioa. Nik gauza bera egiten dut argazki-kamera bereziarekin. Bi angelutatik jasotzen dut irudia, eta, gero, argazki emanaldian bi proiektagailu ipintzen ditut, bakoitzak angelu bat proiektatzen du eta biak elkarrekin jarrita lortzen dugu hirugarren dimentsioa.
Bergaran probatzeko aukera
Asko dira azken urteetan Jose Luis Feok egin dituen argazki emanaldiak. Joan den urtean, esaterako, Eskoriatzako Ibarraundi museoan izan zen; ikusleak aho zabalik utzi zituen eta txalo zaparrada itzela jaso zuen.
Orain, bergararrek dute aho zabalik geratzeko aukera. Labegaraietako jaiak direla-eta Feok argazki emanaldia egingo du bihar, zapatua, 21:00etan, kiroldegiko tenis pistan. "Denetariko argazkiak ikusteko aukera izango da, ez dago tematika berezirik. Garrantzitsuena efektu optikoa da".
Bihar Labegaraietara joaten direnek, beraz, betaurreko polarizatuak jantzi eta Feoren argazkiak gertu-gertuan sentituko dituzte. Batek baino gehiagok egingo du eskuarekin hartzeko keinua, seguru.