Hauek dira iragarri dituzten mobilizazioak:
Eguena 26:
- Geldialdiak ikastetxetan.
- 12:00: kontzentrazioa herriko plazan.
- 19:00: kontzentrazioa Irala kalean.
Egubakoitza 27:
- 19:00: Manifestazioa Bergarako plazatik.
Guztiak ere Lotu borrokara, gurea da etorkizuna lelopean burutuko dira.
Hauxe da egunotarako kaleratu duten testua:
Lotu borrokari, gurea da etorkizuna!
Krisia gure aho eta belarrietan etengabeko sartu irtenean dabil, krisi ekonomikoaz hitz egiten da,badirudi krisi ekonomikoa gaindituz gero hauekin gure problemak ere gaindituko direla. Kontua zera da ordea, ez dela soilik krisi ekonomikoa.
Neoliberalismoa finantza zorrean eta zor ekologikoan oinarritutako sistema izan da beti. Finantza zorrean kreditua izan da jaun eta jabe, soldaten merkealdian bankuei kreditua eskatu kontsumoa ahalbideratuz. Bestalde enpresa eta instituzioek hartutako bidea bizi osorako hipotekatzea izan da. Zor ekologikoari dagokionean produkzioa dago, lurrari kentzen dizkiogun lehengaiak beharrezkoak dira produkziorako. Hego Euskal Herrian egungo produkzio eta kontsumo beharrak asetzeko lurra bezalako hiru planeta beharko genituzke. Zor ekologiko hau, gure ondorengoek ordaindu beharko dute.
Zor hauek kontuan hartuta argi ikustena ez dela soilik krisi ekonomikoa, orain arteko hazkunde ereduarekin jarraitu ezkero ez daukagu etorkizunik. Zein dira beraz krisiak?
Finantza krisia: gizaki guztiok nahi genuen guztia erosteko gai ginela saldu digute, klaseak desagertzear zirela…guztion interesak babestuko zituen sistema politiko eta ekonomikoa saldu nahi izan dute, baina azken urteotan argi geratu da batzuk soilik aberasten direla eta gainontzekoak lokatzetan hondoratzen ari garela. Zorrak eztanda egin duenean diru publikotik erreskatatu dira finantza erakundeak, finantza krisia ekonomiko bilakatuz.
Krisia zoritxarrez ez da finantza krisia soilik; krisi energetikoa, klimatikoa, bioaniztasun krisia osasun krisia, krisi psikologikoa, elikadura krisia, krisi kulturala…
Azken urteotako krisiak bi gauza utzi ditu argi. Alde batetik herritarron bizkar aberasten ari diren banku eta enpresa espekulatzaileak daudela, eta bestetik estatuek soberania politikoa galdu dutela merkatuen aurrean, politikoak merkatuen txotxongilo bihurtuz.
Krisi ekonomikoak leher egin zuenean instituziok herritarrak babestu beharrean diru publikoz bankuak finantzatu zituzten, zuloak herritarrongan eroriz. Ondoren aurrekontuak murriztu zituzten, erreformen bideari heldu arte. Lehengoa pentsioen erreforma izan zen eta ondoren etorri zen lan erreformarena.
Erreforma hauei greba orokor indartsu batekin erantzun genien, azken urteetako grebarik potenteenarekin. Halabeharrez poliziaren erantzuna ere halakoxea izan zen.
Lehen bizi Xuban Nafarrateren kasuarena etorri zen eta ondoren Iruñerriako 14 gazteren atxiloketak. Atxiloketa hauek ez ziren kasualitate hutsa izan, espainiar estatutuko gobernuak hezkuntzan eta osasunean murrizketak aurkezten zituen egun berdinean.
Orain zer miseriazko pentsioak jasotzen dituztenak beren osasuna zaintzeagatik askoz gehiago ordaindu beharko dute; Kanpotik Bergarara eta Euskal Herrira bizitzera etorri direnei ukatu egingo zaie osasun zerbitzuak jasotzea; zerbitzu publikoa-ren kalitatea gehiago eskastuko da…
Eta gazteok zer? Erreformaren ondorioz umetan edo ikastetxe pribatuetan ikasi edo hezkuntza publiko kaxkar batean ikastera behartu nahi gaituzte, jaiotzetik diruaren arabera umeak diskriminatuz. Eta gero zer? Unibertsitate publikoko matrikulaz tasak bikoiztu edo hirukoiztuz diru sarrera aski ez duena unibertsitatetik kanporatu nahi dute. Ez gaude basakeria hau onartzeko prest. Kalitatezko hezkuntza publiko eta euskalduna denontzat! Hezkuntza Sistema Nazionala Euskal Herriarentzat! Aldarrikatzen dugu.
Ondorioz sistemak eta Espainiar estatuak hartu duen norabidea ikusita garbi dago gazteok dugun etorkizuna: pobrezia eta miseria.
Pobreziaren mugan dauden soldatekin ezinezkoa izango da bizi proiektu duin bat proiektatzea; hezkuntza eta osasuna oinarrizko zerbitzu publikoak izanik pribatu bilakatukoa dira, soldatak hauetan gastatuz; etxebizitzak luxua izaten jarraituko du, eskubidea denean… finean bizi proiektu duin eta independentea garatzeko eskubidea lapurtzen digute.
Baina alternatiba badago: independentzia. Gure etorkizun politiko, ekonomiko eta soziala guk erabaki ahal izateko. Gure norabidea eta proiektua guk geuk marrazteko.
Honegatik guztiagatik, Maiatzaren lehena, langile borrokalariaren eguna, horretarako izan dadila, borrokarako! Gure eskubideen alde altxa gaitezen, bizi baldintza duin eta aberastasunaren banaketa justu baten alde borroka gaitezen! Lotu borrokari, gurea da etorkizuna!