Duela hiru urte ortu txiki bat ipini zuen Labegaraietako auzotar talde batek. Helburua zen alde batetik auzolana bultzatzea eta bestetik batez ere umeei baserriko produktuak nola landatu eta batu erakustea. Bada, orain pausu bat gehiego eman nahi izan dute eta auzolanean jarraituz konpostagailu komunitarioa ipintzea bururatu zaie. Helburua da auzotarren artean batzen duten ondakin organikoa konpost bihurtu eta ortuan bertan erabiltzea. Lursaila publikoa denez Bergarako Udalean aurkeztu dute eskaria eta honek begi onez ikusi du Labegaraietako auzotarren iniziatiba.
Udalaren asmoa da Labegaraietako konpostagailu komunitarioa ahalik eta azkarren ipintzea martxan. Baina, ez hori bakarrik, filosofia horrekin erabat bat egiten dutenez, herriko lursail eta lorategietan ere aztertzen ari dira konpostagailu komunitarioak ipintzen aukera. Hortaz herritarrendako ez da ezinbestekoa izango lursail bat izatea koposta egiteko.
Atez-ateko zabor bilketa datorrela-eta Udalak argi dauka horixe dela jarraitu beharreko bidea. Dena dela, konposta egiten ikasi egin behar da; beraz konpostagailu komunitarioa ipini nahi duten herritarrak Mankomunitateak eskaintzen dituen formazio saioetara bideratuko dituzte. Eta horrez gain, udaleko langileak ere formatzea da asmoa.