Udalbatzaren babesa Arcelor Mittaleko langileei

Edu Mendibil 2012ko apirilaren 24a

Bergarako Arcelor Mittaleko enpresako batzordeak aurkeztutako mozioa onartu zuten aho batez alderdi guztiek atzoko udalbatzan. Arcelorreko langileek beraien kezka azaldu dute azken aldian, bideragarritasunarekin lotuta, enpresan hartutako erabakiekin. Langile talde bat izan zen osoko bilkura jarraitzen atzo.

Enpresako komiteak zera adierazi du idatzi baten bidez: "Merkatuan ongi kokatutako eta emaitza ekonomiko onarekin lantegia, emaitza ekonomiko onarekin, baina altzairutegiaren behin behineko itxierarekin eta lana taldeko beste lantegi batzuetara eramanik, konpetibitatea galdu du eta gainera beste lantegiak gure merkatuan sartu dira. Gertaera honen aurrean, Bergarako enpresa batzordeak proiektuan inplikaturik, bideragarritasun plana aurkeztu zuen, zuzendaritzak inolako alternatibarik eman gabe bazter batera utzi zutelarik".

Erabakian gero eta urrunago hartzen direla salatu dute langileek: "Egoera honen aurrean ezinbestekoa da euskal lantegi bakoitzaren espezializazioa eta konpetibitatea mantentzea taldearen barruan, baita ere etorkizunera begira, enpresa, langileak, administrazioak eta herria, guztiak inplikaturik, oraindik are gehiago sendotzea gure lantegiak".

Udalbatzak aho batez onartutako mozioan zera jasotzen da: "Arcelor Mittaleko zuzendaritzaren aurrean behar diren gestioak egitea Udalak, bideragarritasun plan bat martxan jartzeko eskatuz, Bergarako lantegian siderurgi lan integrala izango duelarik". Era berean Diputazioari eta Jaurlaritzari ere deia egiten zaie, "instituzio horiek ere gure lantegietako erabateko produkzio ahalmenak erabiltzearen aldeko eskaera egin dezaten, horrela lanpostuak eta euskal lantegien konpetibitatea mantenduz". Jaurlaritzari siderurgia sektoreko bideragarritasun plan bat eskatzea adostu zuten udal gobernuak eta oposizioak eta, azkenik, akordioen kopia Gipuzkoako Batzar Orokorretara eta Lege Biltzarrera bidaltzea.

Boto esplikazioan, Aintzane Oiarbidek (EAJ) eredugarritzat jo zuen langileen jarrera eraikitzailea eta zailtasunen aurrean irtenbideak topatzeko orduan eramandako bidea. Langileen izenean Jose Luis Loidi Rosli-k hartu zuen hitza alderdien jarrera eta emandako laguntasuna eskertzeko guztiei.

Udal euskaltegien afera
Bestalde, Udal Euskaltegien afera izenburuko mozioa onartu zuen udalbatzak, udal gobernuaren eta EAJren aldeko botoekin. PSE-EEko zinegotzia abstenitu egin zen. Onartutako testuan zera jasotzen da: "Udal euskaltegien inguruan sortu den auzo honen erantzule eta arduradun politikoak Jaurlaritza eta HABE dira. Urteetan zehar udal euskaltegiek egindako lana kontuan izanik, hauen etorkizuna arriskuan jartzerik ezin dugu onartu. Zama ekonomikoa udalen gain ez uzteko eskatzen dugu eta euskararen aurkako erasoei aurre egiteko deia luzatu nahi dugu. Bergarako Udalak udal euskaltegien auziari ardura politiko osoz eta herritarrekin batera erantzuteko konpromisoa hartzen du, helduen euskalduntze alfabetatzearenb mugimenduak atzerapenik izan ez dezan behar diren neurriak hartuz".

Zerrendatik kanpo zegoen Naturtzaindiaren mozioa, biodibertsitatearen gainekoa ere aztergai izan zuten atzoko osoko bilkuran baina alderdiek mahai gainean uztea eta hirigintza batzordean behar bezala aztertzea adostu zuten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak