David Zapirain: "Herriko jauntxoen eraginagatik izan zen Bergarako besarkada hemen"

Edu Mendibil 2012ko apirilaren 24a

Irizar jauregiko sarreran, Bergarako besarkadaren gaineko erakusketa zabaldu zuten Aste Santuaren atarian. Gertaera historiko hura gogoratzeko hitzaldia egin zuen David Zapirainek egubakoitzean. Historian doktorea, Udaleko Museoko teknikari berria dugu Zapirain (Pasaia, 1968). Harekin egin dugu berba Lehen Gerra Karlistari amaiera eman zion hitzarmenaz. Maroto jeneral karlista eta Espartero jeneral liberala izan ziren besarkada hartako protagonistak, 1839ko abuztuaren 31n.

Bergarako besarkada gogoratzeko erakusketa zabaldu berri duzue hitzarmen hura sinatu zen tokian, Irizar jauregian.
Bai, herriko ondarearen zati bat da Bergarako besarkada eta bi helburu nagusirekin ireki dugu erakusketa: alde batetik ondare hori aldarrikatzeko eta bestetik ondare horren erabilera aldarrikatzeko, zabaltzeko. Azken baten, gertaera hori jaso eta modu egokian zabaldu nahi dugu, etortzen diren bisitariei zein herritarrei beraiei ere. Aurreko astean, esaterako, Valentziatik turista talde bat etorri zen eta aukera izan zuten erakusketa ikusteko. Turismo Bulegotik antolatutako bisitek geldialdia egingo dute aurrerantzean Irizarreko erakusketan. Eta egunero izango da zabalik Irizarreko sarreran; aste barruan egun osoz eta zapatu eta jai egunetan goizez, 10:30etik 13:30era.

Nolako garrantzia izan zuen Espartero eta Marotoren arteko akordioak? Zer nolako ondorioak izan zituen orduko gizartearendako?
Bi ondorio nagusi izan zituen: alde batetik gerraren amaiera ekarri zuen, horrek suposatzen duen guztiarekin. Eta bestalde, hitzarmenarekin kutsu politikoki kontuak ere adosten dira, etorkizunari begira ezinbesteko garrantzia izango dutenak. Foruei aipamen zehatza bezain zalantzazkoa egiten zaie. Geroago etorriko da desarmatzearen alderdi teknikoen garatzea eta baita soldaduen aitortzak ere.

Zergatik sinatzen da akordioa Bergaran?
Karlisten eta liberalen arteko akordioa Oñatin ematen da, bi egun aurretik. Ez dago guztiz argi zergatik datozen Bergarara hitzarmena sinatzera. Espartero Oñatin zegoen eta Maroto hara joan izan balitz, etsipen bezala interpretatu zezaketen batzuek, ez dakit. Argi dago Bergarako jauntxoek (Joaquin Irizar Moia tartean) zerikusi zuzena izan zutela akordioa lortzeko orduan eta baliteke hori izatea besarkada Bergaran izateko arrazoi nagusia. Edozein modutan Oñatin hitzartutakoa berretsi baino ez dute egiten Bergaran.

Zelako protokoloa jarraitu zuten egun hartan?
Garai hartako grabatuetan une zehatz konkretu bat jasota dago batik bat, besarkadarena, baina sekuentzia bat bezala ikusi behar da. Maroto Esparteroren zain egon zen San Antonion eta Irizarren etxera etorri ziren. Ekitaldi ospetsu hartan parte hartu zuten 22 gizonak mahairen bueltan bildu ziren ondoren bazkaltzera, hitzarmena ospatzera.  Bi jeneralekin batera, bi gudarosteetako kabo lehenak eta hainbat laguntzaile elkartu ziren. Bizkaitarrak izan ziren lehenak elkar besarkatzen eta Gipuzkoako batailoiak beranduago sartu ziren. Arabarrek eta nafarrek, berriz, ez zuten parte hartu.

Bestalde, esan behar da hurrengo lau urteetan Bergarako besarkadaren urteurrenak ospatu zirela; horiekin lotutako brokel-dantza (Iztueta maisuaren jatorrizko koreografiarekin) eta orduko kantuak gogoratu genituen egueneko eta egubakoitzeko hitzaldietan. Eta bitxikeria bat ere bai: 1839ko akordioa sinatzeko erabili zuten eta udaletxean gordeta dagoen mahaia erakutsi dugu aurreko astean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak