Euskara espektakulu bilakatu zuen Oihan Vegak

Irati Goitia 2012ko apirilaren 22a

Euskararen espektakulue izeneko bakarrizketa emanaldia eskaini zuen Oihan Vegak egubakoitz iluntzean Bergarako Zabalotegi aretoan. Euskararen erabilera oinarri hartuta, umorezko saioa egiten du Vegak eta publikoaren barre algarak eragiten ditu. Bideoak ere tartekatzen dira emanaldian.

Euskararen Espektakulue izeneko bakarrizketa urtarrilaren bukaeran aurkeztu zuten Aretxabaletako Arkupen, eta, orain, ikuskizun hori zabaltzea erabaki du artista bergararrak. Hala, egubakoitz iluntzean, bi emanaldi eskaini zituen Bergarako Zabalotegin. Aretoa ez zen bete, baina publikoaren feedback ona egon zela adierazi du Vegak eta pozik azaldu da.

Umorea oinarri

Euskaldunok eguneroko bizitzan erdarara jotzeko dugun joera oinarri hartuta, umore ukituko bakarrizketa egiten du Vegak espektakuluan. Telebistan oso hedatuta dagoen formatua erabiltzen du eta gai batetik bestera salto egiteko, bideoak eta musika erabiltzen ditu. Helburua ikusleak gaiaren gainean hausnartzea da.

Kepa Errastiren bideoak

Ikuskizunean tartekatzen diren bideoak Kepa Errasti zinegile aretxabaletarrak zuzendu eta editatutako sketch-ak dira. Hauek ere umorea dute oinarri eta ikusleen barre algarak eragin zituzten.

Ikuskizuna Aretxabaletako Loramendi elkartearen eskaera izan zen, baina Aretxabaletan izan zuen arrakasta ikusita, beste herri batzuetan egitea erabaki zuten.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak