Turismo ikasketak egin ditu Toledok eta hainbat tokitara egin dituen bisitaldiak batzen ditu Tekno+turismoa saiakera liburuan: "Gure artean errotuta dago turismo industriala, museoetara eta fabrika zaharretara egin ohi dena. Teknoturismoa kontzeptu zabalagoa da, ordea; izan ere, horiez gain, industria, zientzia edota teknologia-guneetara egindako bisitaldiak ere batzen ditu. Era berean, beste zenbait baliabide erabili ditut tokian tokiko biztanleen bizimodua erakusteko: lana, ikerketa, hezkuntza, hizkuntza edota ohiturak, esaterako".
Bergarako udaletxeko langilea da Maite Toledo. Hark aurreratutakoaren arabera, Bergara eta Debagoiena izan dira erreferente Tekno+turismoa idazteko orduan: "Turismo-aldaera horren berri ematea izan da erreportaje honen xedea, baita haren sustapenak ekarriko lituzkeen onurak azaltzea ere, gure eskualdea Euskal Herriko bihotzean kokatutako industria-gune garrantzitsua delako. Gaiaren inguruko teoria, ordea, antzeko ezaugarriak dituen edozein lekutarako da baliagarria. Profesionalak izan ditut gogoan idazteko orduan: bidaiariak, ikasleak, irakasleak, enpresa buruak, kulturako teknikariak...".
Bizitzako ajeak eta pozak
Saiakera eta poesia ez dira genero irakurrienak. Bien zalea dela aitortzen digu Maite Toledok: "Saiakeraren plan orokorra duela lau bat urte zirriborratu nuen; olerki liburuari, berriz, iaz eman nion forma, nahiz eta olerkiak lehenago idatzitakoak diren". Olerkietan bizitzako ajeak eta pozak islatu nahi izan ditu: "Sortzeko premia bati erantzuten dion esperientzia estetiko-literarioa da: bizitzea eta bidaiatzea gustuko duen edozeinentzat izan daiteke". Edozelan ere, liburu biekin ere azken helburua bera da, irakurleengana iristea da alegia.