'Euskararen espektakulue' gaur Bergaran, Oihan Vegarekin

Goiatz Arana Begiristain 2012ko apirilaren 20a

Bi saio egingo ditu gaur, egubakoitza, –20:00etan eta 22:00etan– bere herrian, Zabalotegi aretoan. Oihan Vega telebistako aurkezle ezagunak umorea eta sarkasmoa erabiliz, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa egitera gonbidatzen ditu ikus-entzuleak bakarrizketa dibertigarri eta ironiko honekin, musikaz, kantuez eta zineaz lagunduta. Aretxabaletan egin zuen estreinaldia, arrakastaz.

Aretxabaletan egindako saioko argazki galeria eta bideoa.

Zergatik praktikatzen dugu sexua gazteleraz? Nork daki euskaraz iraintzen? Eguneroko bizitzan zergatik jotzen dugu horrenbeste erdarara? Galdera horien bitartez, hausnarketa egitera gonbidatzen du Oihan Vegak. Horretarako, Kepa Errasti aretxabaletarraren –Euskal Telebistako gidoilari eta aktore ezaguna– laguntza izan du, sketch umoretsu sorta bat zuzendu baitu ikuskizun honetarako. Gainera, Aretxabaletako Loramendi Euskara Elkartearen laguntza ere izan du proiektu honek.

Elkarlan horren emaitza izan da Euskararen Espektakulue, publikoari barrea eragiteaz gain, pentsarazi egiten dion bakarrizketa, film labur eta pasarte dibertigarriekin, eta baita galdera deseroso eta garratzekin ere, ikuskizun honen helburua euskararen erabileraren inguruko hausnarketa gordina egitea baita.

Zinea

Nork ikusten du zinea euskaraz? Zein garrantzia ematen zaio euskarari telebistan eta komunikabideetan, oro har? Oihan Vegak, era umoretsuan, telebistako filmak berreskuratuko ditu, euskal zinearen azterketa ironikoa egiteko.

Musika

Musikaren bitartez, betiko euskal kantuekin eta gazteleratik euskarara itzuli diren abestiekin, beste galdera bat plazaratzen du ikuskizun honetan: Zer da euskal kultura? Zergatik euskaratzen ditugu erdarazko kantuak?

Gitarra eskuan hartuta, etengabe bilatzen du publikoaren parte-hartzea, galdera zuzenak eginez eta jendearen artean giro ona eraikiz, elkarrekin, euskarari buruzko gogoeta egiteko. Erritmo biziko antzezlan fresko eta ulerterraza da.

Euskararen Espektakulue-k ez du inor axolagabe utziko; are gehiago, Zabalotegi aretoan batzen direnek une dibertigarri eta barregarri bat igaroko dute ziurrenik.

Pikupe Produkzioek ekarriko dute ikuskizuna Bergarara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak