Arcelor-Mittalek Madrilen itxi duen plantako langileak Bergarara

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko apirilaren 18a

Arcelor-Mittalek aurreikusi du Madrilen itxi duen plantako 160 langile Gipuzkoako lantegietara ekartzea. Plan horren arabera, langile horietako batzuk altzairugintza sektoreko multinazionalak Bergaran duen lantegian kokatuko lituzkete. Bestalde, sindikatuekin negoziatu nahi ditu Gipuzkoako hiru lantegietako langileen aurre-erretiroak. 

 

Arcelor-Mittalek Olaberrian, Zumarragan eta Bergaran dituen lantegietan, eta Zaragozakoan, kokatu nahi ditu Madrileko Villaverden itxi duen plantako langileak. Multinazional indiarrak birkolokatu nahi dituen 200 langile horien artetik, gehienek, 160, Gipuzkoako lantokiak aukeratu dituzte. Bereziki, Olaberriako lantokirako eskaerak egin dituzte langile horiek eta, gutxiago, Zumarraga eta Bergarakoetarako. 

Aurreikuspenen arabera, 80 langile birkolokatu nahi dituzte Olaberrian eta beste horrenbeste Zumarragako eta Bergarakoen artean, baina Bergarakoan gutxienak dira. 

Bestalde, Gipuzkoako hiru lantegietan lanean diharduten 900 langileendako aurre-erretiro plan bat prestatu du Arcelor-Mittaleko zuzendaritzak eta sindikatuekin negoziatu nahi du plan hori. 

Madrileko Villaverdeko planta ixteak lan gehiago ekarri du Gipuzkoako lantegietara. 

Krisiak eta Espainia barruko merkatuaren moteltzeak ekarri du Madrileko plantaren itxiera. Eta, Gipuzkoako lantegiak irabazle atera dira itsasotik gertuago egotearren. Hain justu ere, Pasaiako portua gertu izateak Gipuzkoako planten alde jokatu du, kasu honetan. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak