2011ko errenta aitortzeko garaia iritsi da, eta gaur hasi dira artatzen lehenengo zergadunak Bergarako Ogasun bulegoan. Debagoieneko bizilagun askok egingo dute hor errenta mekanizatua, baina baita inguruko herrietakoek ere. Hala ere, lehen egun hauek nahiko lasaiak izaten direla azaldu dute. Bigarren astetik aurrera, dena den, oso bestela izaten dira gauzak, eta buru belarri jarduten dute. Aurten, gainera, gora egingo du Bergarako bulegoan egingo duten errenta mekanizatu kopuruak eta aurreikuspen horrekin, teknikari bat gehiago dago aurten; guztira 11. Apirilaren 11n hasi zen errenta eta ondarea aitortzeko kanpaina eta ekainaren 25era arte izango da aurten. Ohi bezala, Ogasunak autolikidazio proposamenak bidaltzen hasi zuen kanpaina eta horren gaineko argibideak ere eman ditu Miren Pozuetak. Aitorpen mekanizatua egiteko txanda ezinbestekoa da eta horretarako bi modu daude: telefonoz, 902 100 040 zenbakira deituta ala Internet bidez, www.gipuzkoa.net/ogasuna helbidean. Hain justu ere, txanda Internetez hartzea gomendatu du Miren Pozuetak. Gipuzkoako Ogasunak aurten 391.000 aitorpen jasotzea aurreikusten du, gehienak, 312.000, hain justu, zergadunari dirua bueltatzekoak.