Bergarako Udal Gobernuaren 2012ko aurrekontuak %4,8ko jaitsiera izango du iazkoarekin alderatuta; aurrekontuaren atal gehienek jaitsiera nabarmena izango dute, inbertsioak esaterako %32,9 jaitsiko dira, baina Gizarte Zerbitzueko aurrekontua mantedu egingo da. Hain justu ere 2.400.000 euro bideratuko ditu Udalak Gizarte Zerbitzueta.
Gaur egun bi administrazaile eta bost teknikarik dihardute bertan lanean eta ondorengo sail nagusietan banatzen da beraien jarduna: Hirugarren adina eta mendekotasuna dute pertsonak; Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak edo egoera ekonomiko larrian daudenedako laguntzak; Emakumea, atzerritarrak eta gazteak; Prebentzio eta azkenik enplegua.
Adineko pertsonendako partidaren zatirik garrantzitsuena
Eta zertara bideratuko dira nagusiki 2.400.000 euro horiek? Zatirik handiena hirugarren adineko pertsonendako eta mendekotasun egoeran dauden pertsonendako izango da; horiekin lotuta daude-eta Bergarako Gizarte Zerbitzuetan jasotzen diren eskera gehienak. Dena dela bizi dugun krisi ekonomikoarekin Gizarte Zerbitzueta jotzen duten herritarren profila aldatzen joan da, aldatzen edo zabaltze behintzat bai. "Egoera ekonomiko larria bizi dutela-eta laguntza bila etortzen direnen artean, egia da orain duela urte batzuk etortzen ez ziren herritarrak etortzen direla orain", adierazi digu Gizarte Zerbitzuetako arduradun Xabier Legorburuk.
Etorkinak gizarteratzeko lana
Etorkinak dira Gizarte Zerbitzuetara maiz jotzen duen beste kolektiboa. Etorkinei dagokienean denetarik dagoela adierazi digu Xabier Legorburuk: "Batzuk Bergaran gizarteratuta daude, baina beste batzuk ez. Lan egiteko baimenik ez dutenak edo egoitza-baimenik ez duten etorkinak gizarteratzea oso zaila da". Bada, etorkinak gizarteratzea da, besteak beste, bulego honen lana. "Hain justu ere diru-laguntza bat jaso ahal izateko gizarteratzeko hitzarmena sinatu behar izaten dute etorkinek". Etorkinek jasotzen dituzten diru-laguntzen arira, azken aldian gero eta gehiago dira atzerritarrek laguntza gehiegi edo bertakoek baino gehiago jasotzen dituztela uste duten ahotsa. Iritzi hauek oso arriskutsuak izan daitezkeela uste du Legorburuk. "Bulego honetan askotan entzutea tokatzen zaigun kontua da. Herritar bati laguntza bat ukatzen zaionean askotan esaten digute, 'Noski! Hemen atzerritarra izan behar zara laguntza jasotzeko'. Hori ez zuzena. Guk beti esaten dugu laguntzak jasotzeko balditzak berdinak direla bertako zein atzerritarrendako, eta orokorrean erraztasun gehiago izaten dute bertakoek".
Zentzu berean, eta krisi ekonomikoak lehertu zuenetik, gero eta gehiago dira baita ere Gizarte Zerbitzuetan iruzur kasuak ematen direla uste duten herritarrek. Gai horren inguruan ere gehiegi eta gaizki hitz egin dela uste du Legorburuk. "Beste alor batzuetan iruzurra dagoen moduan hemen ere badago iruzurra, baina ez gehiago eta ez gutxiago. Uste dut Gizarte Zerbitzuek orokorrean ondo kontrolatzen eta ezagutzen dituztela espedienteak eta kasuak eta jarraipen bat egiten zaiela".
Bergarako Gizarte Zerbitzuen bulegoa udaletxeko azken solairuan dago eta bertan eskaera bat egiteko aurrez hitzordua eskatu beharra dago, bulegoan bertan edo telefonoz (943 77 91 65).