Aparkatutako lau autotan erregaia lapurtzea egotzita atxilotu dute gizonezko bat

Usoa Agirre 2012ko apirilaren 16a

30 urteko gizonezkoa atxilotu dute goizaldeko 2:00ak aldera, Bergarako Martoko kalean. Herrizaingo sailaren arabera, zenbait partikularren deia jaso dute goizaldean gizonezko bat jarrera susmagarrian ikusi dutelako. Linterna bat zuen gizonezkoak eta kale horretan aparkatuta zeuden ibilgailuen artean makurtuta zebilen.

Behin bertara iritsita, gasoil usain handia sumatu dute ertzainek eta gizonezkoaren bila hasi dira. Han ikusi dituzte, besteak beste, gasoilez erdi-betetako zenbait ontzi, baita zenbait kubeta ere depositoa zulatuta zuten autoen azpietan.

Ertzainak ikusi ostean atxilotuak ihesari eman dio korrika, baina harrapatu eta atxilotu dute, indarrez lapurtzea egotzita.

Atxilotutako gizonezkoak delituzko aurrekariak ditu eta berarekin zeramatzan bi linterna, beste bi laban eta bihurkin bat, Herrizaingo sailaren arabera. Behin izapideak bukatuta, goardiako epaitegiaren esku utzi dute atxilotua

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak