Udal aurrekontua onartuta Gobernuko kideen botoekin

Edu Mendibil 2012ko apirilaren 4a

Udal Gobernuko alderdiek, Bilduk eta Aralarrek, agintaldiko lehen aurrekontua onartu zuten egubakoitzeko ezohiko osoko bilkuran. 20,7 milioiko aurrekontua da onartutakoa, %4,8ko jaitsiera iazkoarekin alderatuz. Oposizioko alderdiak, EAJko zinegotziak eta PSE-EEko ordezkaria aurrekontuaren aurka azaldu ziren.

Aurrekontuan nabaria da inbertsioen beherakada, krisiak eraginda. Joan den urtean 2,8 milioi euro bideratu zituzten inbertsioetara eta aurten, berriz, 1,8 milioi euro aurreikusten dira, %32,9 gutxiago. Lauri Askargorta Ogasun batzordeko buruaren arabera, zenbait kapitulutan murrizketa garrantzitsuak egin behar izan dituzte, baina, aldi berean, Gizarte Zerbitzuen aurrekontuari eustea lortu dute. Aurrekontu osoaren %11,6 suposatzen du Gizarte Zerbitzuetara zuzendutako partidak. Inbertsioei dagokienez, besteak beste, Mekolaldeko zubi berriko irteera eta sarrera hobetzeko lanak (Diputazioarekin batera finantzatuko dira), igerilekuan arazketa hobetzea eta Ozaeta eta Angiozar bitarteko urbanizazioa aurreikusten dituzte. Askargortak aurreratu zuenez, inbertsioei diruzaintzako soberakinekin egin ahal izango diete aurre.

Diru sarrera gutxiago
Bestalde, diru sarrerei dagokienez, Diputazioaren fondoetatik 0,7 milioi euro gutxiago ingresatzea aurreikusi dute eta hirigintza zergek ere 0,54 milioi euroko gutxitzea ekarriko du. Azkenik, zorpetze mailari dagokionez, %8,27 (10,1 milioi) da; joan den urtekoa %9,31 (11 milioi) izan zen.

BALORAZIOAK

Lauri Askargorta (Bildu). Ogasun zinegotzia

"Aurrekontuak burutzea oso lan mingarria izan da, zenbait arlotan jaitsiera garrantzitsuak egin behar izan ditugulako. Aurrekontuaren exekuzioaren kontrol zorrotza eramateko, hilero, kontu-hartzaileak exekuzioaren egoera bidaliko du batzorde bakoitzera. Plan Estrategikoa dela eta, urbanoa sustatu, Zero Zabor filosofia aplikatu eta enplegua bultzatzeko ahalegin berezia egin dugu".

Aintzane Oiarbide (EAJ)

"Krisi egoera honetan Gobernuaren partetik erantzukizuna eta ekintza plan zorrotza espero genuen Udal barruko gastuak gutxitzeko. Ez da ikusten krisia gestionatzeko gaitasunik. Zerbitzu orokorrak %8 igoko dira eta pertsonal gastuak, %5. Zaborren gaiarekin gertatzen den moduan, inolako bideragarritasun planik gabe defizitarioa izango den atez atekoa ezarri nahi dute".

Mari Karmen Barrenetxea (PSE-EE)

"Erantzukizunez eta koherentziaz jokatze aldera eman dugu kontrako botoa: Austeritate kontzeptuaren kontrako aurrekontuak dira, lanpostuak sortzeko inolako neurririk aurreikusten ez dutenak eta herritarren interesen alde egiten ez dutenak. Pertsonal gastuak oso handia izaten jarraitzen du –%1,8–, nahiz eta soldatak izoztu egin diren".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak