Larramendi industrialdea, bizi dugun egoera ekonomikoaren erakusle

Arritxu Barruso 2012ko apirilaren 3a

Krisi ekonomikoaren eta gure ibarreko enpresek bizi duten egoera zaila oso ondo islatzen duen irudia topatu dugu Bergaran. Larramendi industrialdean, hain justu ere. 2010eko udazkenean inauguratu zuten, 300 metro koadro ditu eta Debagoieneko industrialde handienetarikoa da. Bada, momentuz enpresa bakarra kokatu da bertan. Embalan: tamaina handiko enbalajeak edo bilgarriak egitera dedikatzen den enpresa.   

2010eko udazkenean inauguratu zen Bergaran Larramendi industrialdea. 300 metro koadro inguru ditu; Debagoieneko industrialde handiena da eta Gipuzkoako handienetarikoa. Baina, Debagoieneko industrialde handienaren itxura hauxe da: lursail huts asko eta pabilioi bakarra. Embalan enpresa da momentuz Larramendin kokatu den enpresa bakarra. 2010ean bertara joateko proiektua abian ipini zutenean seguruenik, ez zuten horrelakorik espero, baina urtarrilean hasi ziren Larramendin lanean eta momentuz ez dute bizilagunik alboan. 

Badirudi gainera, Embalanek bakarrik jarraituko duela momentuz Larramendin. Eusko Jaurlaritzaren Sprilur sozietateak dauka industrialdea kudeatzeko ardura, eta oraingoz ez dute inolako eskaerarik jaso. Bergarako udala dena dela, pozik dago Larramendiko industrialdea egin izanarekin. Jesus Elortza alkateak azaldu digu, krisi ekonomikoa pasatzen denerako, industriara bideratutako lursailak errekalifikatuta eta prest izatea oso garrantzitsua izango dela. 

Badirudi Larramendi industriguneko itxura bera errealitatearen adierazle dela, enpresa asko zailtasunak izaten ari diren honetan,  Embalan nahiko ondo ari da denboraleari aurre egiten. Bertako gerente Andoni Alberdik kontatu digu esportazioak direla Embalan enpresaren ardatza. Bilgarriak edo enbalajeak egiten dituzte, tamaina oso handiko enbalajeak. Bezeroaren makineria edo pieza hark nahi duen munduko puntuan ezartzen dute, behar moduan bilduta eta etiketatuta. 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak