Ander Agirre: "Gaztetan profesional izatearekin amesten genuen, baina orain..."

Xabier Urtzelai 2012ko apirilaren 11

Ander Agirre (Bergara, 1981) duatloi denboraldi aparta egiten dabil. Ez da sorpresa, azken urteotan aurrealdeko postuetan ibili delako, baina ez garaipenak eskuratzen. Afizionatu mailako txirrindularia izandakoa –besteak beste Irizarrekin eta Velascorekin ibili zen–, ziklismoa utzi eta bi urte lehiatu barik egon ostean dortsala janzteko arra sartu zitzaionetik geratu barik dabil.

Batzuei gertatzen zaie txirrindularitza utzi eta lehiarako gogoa galtzea. Ez hori bakarrik, baita kirola egiteko gogoa joatea ere.

Nire ustez horiek ez dira kirol-zaleak, ez dute kirola gustuko edo oso erreta amaitu zuten. Esan nahi dudana da lasterketetan ibili ostean normala dela nekatuta egotea, baina kirola gustuko duena denbora gutxira hasiko da mendira joaten, mendiko bizikletan buelta bat ematen... Zerbait egiten. 

Zuk, ordea, lasterketetan jarraitzen duzu.

Bai, edozer gauzarekin pikatzen den horietakoa naizelako. Bizikleta utzi eta bi urtez egon nintzen nire kasa kirol apur bat egiten, triatloi taldearen inguruan herrian giro polita zegoela ikusi nuen arte; hala engantxatu nintzen.

Eta aurten zer egin duzu bereziki horren ondo ibiltzeko?

Ez dut apartekorik egin. Esan nahi dudana da urte osoan egiten dudala kirola, eta noski, entrenatzen ibili garen arren ez da oso negu aproposa izan. Egia da beste urte batzuetan maila oso altua egon dela, eta akaso aurten apur bat behera egin duela.

Imajinatzen dut afizionatu mailan gauza asko utzi behar izan zenituela lasterketengatik. Eta orain?

Orain ez. Gaztetan profesional izatearekin amesten genuen, baina ez genuen halakorik lortu, eta orain garbi daukat kirolari amateurrak garela, globeroak (barre). Garbi dago aurrean ibiltzeko entrenatu egin behar dela, eta esaterako, Aste Santuak gogor entrenatzeko aprobetxatuko ditut. Baina, ez ditut beste kontu batzuk alde batera uzten.

Euskal Herriko selekzioko hautatzaileak ere ohartu dira egiten ari zaren lanaz.

Bai, Burgosen egin zuten lasterketarako deitu ninduten, baina zapatuetan tarteka lan egitea ere tokatzen zaigu, eta ezin izan nuen joan. Cadizen-edo izan bazen lasterketa hori, bada, seguruenik ez nintzateke animatuko, baina Burgosen izanda, etxetik gertu, gustura joango nintzateke. Gainera, selekzioan oso giro ona egoten da.

Antxintxika Triatloi Taldeko kide izanda, eskertuko da presio eta bestelakorik gabe ibili ahal izatea, ala?

Lehen aipatu moduan, gaur egun ez gabiltza honetan profesionaletara iristeko. Hau da, taldeak helburu batzuk ezartzea, ze lasterketetara joan behar duzun esatea... Niri ez litzaidake gustatuko. Bailarako taldean gaude, giro oso ona dugu eta lagunartean ibiltzen gara.

Duatloi denboraldia aurrera doa, eta laster hasiko dituzue triatloiak. Gogoz?

Egia esanda igeri egitea da gutxien atsegin dudana, eta gainera, modalitate horretan ez naiz oso ondo moldatzen. Aspergarria egiten zait igeri egitea, eskerrak igerilekuan mp3a jarri eta musikarekin eramangarriagoa dela, baina hala ere... Baina, triatloiek ez dute duatloiekin zerikusirik, askoz bereziagoak dira eta giro hobea egoten da. Gogoz nago triatloi denboraldia hasteko.

Gaztetan bizikletan lehiatu arren, korrikako saioetan oso ondo moldatzen zara. Esaten duzunez, igeri ez horren ondo...

Afizionatuen mailan lehiatzen ginenean negu parteko entrenamenduetan korrika mordoa egiten genuen, eta baliteke horrek laguntzea. Noski, duatloietan hasi nintzenean hanketatik dezente sufritzen nuen, orkatilak, belauneko mina... Baina, gorputza ohitzen joaten da, eta min horiek guztiak desagertu egin ziren. Diogun moduan, 20 urterekin korrika dabilena akaso 60 urterekin ezinean ibiliko da, baina 20 urterekin bizikletan dabilena 60 urterekin ere ibili ahal izango da.

Aste Santurako planik? 

Hemen geratuko naiz entrenatzen, triatloiak segituan datoz-eta!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak