1805eko apirilaren 2an jaio zen Hans Christian Andersen idazle daniarra, besteak beste Ahatetxo itsusia eta Poxpolu saltzailea bezalako ipuin klasikoen idazlea. Eta hain zuzen ere, bere omenez ospatzen da urtero apirilaren 2an eta mundu guztian zehar Haur Liburuaren eguna.
Gurean ere egon dira data horren harira antolatutako ekintzak. Hala, Bergarako San Martin Agirre ikastetxean gaur arratsaldea ez da beste edozein astelehenetakoa bezalakoa izan. Irakasleek hainbat libururen pasarteak irakurri dizkiete ikasleei, besteak beste Harry Potter eta Sekretuen Ganbera eta Aitona eta euria. Horretarako baina ez dira edozein modutan jantzi, liburura egokituta baizik; hala ez da arraroa izan irakasleak kapekin eta aztien txapelekin jantzita ikustea. Behin pasartea irakurritakoan gainera, liburu horietan oinarriutako jolas, marrazki eta beste hainbat ekintza egin dituzte. "Horrelako ekimen batekin, liburuen betiko alde didaktikoa alde batera utzi eta liburuekin gozaraztea izan da gure asmoa" azaldu du Begoña Bernal irakasleak.