Lehen asteburuan 300 lagun baino gehiagok ikusi du 'Bergara 1936' erakusketa

Ubane Madera 2012ko apirilaren 2a

Barikuan inauguratu zuten Bergarako Aroztegi aretoan gerra hasi zenetik Elgetako frontea erori arteko argazki-erakusketa, Bergara 1936, eta dagoeneko 300 ikusletik gora izan ditu. "Eta garrantzitsuena da zapatuan asko ibili zirela argazkietako jendea identifikatzen, eta guretzat hori da garrantzitsua", adierazi du Juan Ramon Garain, Intxorta elkarteko ordezkariak. Izan ere, Garaik esandakoaren arabera, asmoa da gero material hori guztia liburu batean jasotzea, eta hori lortzeko talde irekia sortu gura dute Bergaran, "Oñatin egin dugun moduan".

Toribio Jauregiren argazki-bilduma da Aroztegin dagoena ikusgai, "Intxorta 1937 elkartea, udal artxiboa eta Bixente Jauregiren (Toribioren semea) arteko elkarlanari esker" egindakoa, Juanje Amasorrain zinegotziak azaldu moduan: "Gauzak ezkutuan egotea ez da ona, hobe da jendeak jakin dezala, ez mendekua hartzeko, baizik eta jakiteko zer gertatu zaien norbere arbasoei", gaineratu du. "Adibidez, tankeak iusten dira Bergarako plazan… gaurko belaunaldiek ikus dezakete gerra bertan gertatu zela eta ez orain dela horrenbeste urte. Gainera alde bietako partaideak daude argazkietan", gaineratu du Amasorrainek.

"Bergarako maletak", ganbaran

Bixente Jauregik ere nabarmendu du gertutasun hori: "Jendea etor dadila: hau da tio, aitajauna…izendatzen laguntzeko; bergararrak dira gehienak".

Hark emandako xehetasunen arabera, orain arte ganbaran izan ditu gordeta aitaren argazki horiek guztiak, "Bergarako maletatan zeuden. Aita 1969an hil zen eta beti buruan neukan zerbait egin behar zela, baina hortxe geratzen zen kontua. Orain, baina, tekniko batek abisatu zidan argazkiak estropeatzeko arriskua zutela eta gero aukera sortu zen zerbait egiteko eta hemen emaitza. Nik uste dut aita oraintxe ezagutu dudala ganoraz, artxibo honen bitartez. Ni neu oso pozik geratu naiz emaitzarekin".

Leica alemana

45 urtean jardun zuen Toribio Jauregik argazkilari, Leica aleman batekin, batez ere. “Herriko kontu denak batzen zituen pertsona zen". 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak