Soraluce BKEk irabazi egin du ligako azken partidua

Irati Goitia 2012ko apirilaren 1a

Joko gutxiko partidua izan zen atzo arratsaldean Soraluce BKE eta Corazonistasen artekoa. Oso lehia parekatua izan zen eta bergararrek lehia bukatzeko hamar minutu falta zirenean lortu zuten alderik handiena; lau puntu. Hala, 34 eta 30 bukatu zen norgehiagoka. 

Denboraldi hasieran jarritako helburua beteta bukatu du Soraluce BKEk liga: mailari eustea. "Puntu beharrean geunden eta azken partidua izanda, emaitza zen garrantzitsuena. Gaizki jokatu dugun arren, lortu dugu irabaztea. Oso urduri jokatu dugu" adierazi zigun Josetxo Muniategi entrenatzaileak amaieran.

Joko gutxiko partidua 

Lehia oso parekatu izan zen zapatu arratsaldean Labegaraietan jokatu zena. Lehen zatian joko hobeagoa ikusteko aukera izan zen, jokaldi luzeagoak eta talde jokoa. Hasieratik hasi ziren irabazten bergararrak, baina, indarrak oso berdinduta izan ziren eta puntu bateko aldea lortu zuten asko jota. Lehen zatia bukatzeko minutu bat falta zenean, Muniategi entrenatzaileak hutsartea eskatu zuen, izan ere, azken erasoa eurena zen eta gola sartzea oso garrantzitsua zen atsedenaldira lasaiago joateko. Eta baita sartu ere. Hala, bi puntuko aldeaz amaitu zen lehen zatia (18-16). 

Bigarren zatian, aurkaria etxekoen jokoa apurtzera irten zen eta Muniategiren mutilek ez zuten horri aurre egiten jakin. Lehia amaitzeko hamar minutu gelditzen zirenean, defentsa aurreratua egitea erabaki zuen aurkariak eta orduan jokatu zuten hobeto bergararrek; lehiako alde handiena atera arte, lau puntu (34-30).

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak