Bergarako besarkadaren gaineko erakusketa Irizarren

Edu Mendibil 2012ko martxoaren 30a

Bergarako besarkadari buruzko erakusketa iraunkorra zabaldu dute gaur Irizar jauregiko sarreran. Inaugurazioan, Jesus Elortza alkatearekin batera, Justina Elexpuru eta Maren Belastegi zinegotziek, David Zapirain historialariak, Amaia Labaien Islada Multimediako diseinatzaileak eta Mikel Ibarzabal artisauak hartu dute parte.

Irizar jauregia hautatu dute erakustoki bezala 1839. urtean bertan berretsi zutelako Lehen Gerra Karlistari bukaera emango zion hitzarmena. 1833an hasi zen Lehen Gerra Karlista eta Maroto jeneral karlistak eta Espartero jeneral liberalak 1839ko abuztuaren 31n sinatu zuten hitzarmena. Jesus Elortza alkateak aurkezpenean azpimarratu duenez, herriko kultura eta arkitektura ondarea nabarmendu eta turismoa bultzatu nahi izan dituzte Irizarren zabaldutako erakusketarekin.

Erakusketak bi atal

Erakusketak bi atal nagusi ditu: batetik, atariaren sarreran, eskuineko aldean, Bergarako hitzarmena azaltzen da. Bertan Maroto eta Espartero jeneralen tamaina errealeko figurak daude eta bi figuron artean, panel batek hitzarmenaren nondik norakoak sakonago azaltzen ditu. Mikel Ibarzabal bergararrak egin ditu Bergarako besarkadaren protagonisten figurak. Bestetik, ezkerreko aldean, Irizar jauregiko lorategiaren eta jauregiaren alderdi historiko-artistiko esanguratsuenak batzen dituen egitura jarri dute ikusgai.

Erakusketa astean zehar 10:00etatik 20:00ak arte izango da ikusgai eta zapatu eta jai egunetan goizez zabalduko dute, 10:30etik eta 13:30era.

Liburuxka, lagungarri

Erakusketarako Besarkadak. Bergarako bake hitzarmena gogoan izenburuko liburuxka kaleratu dute, euskaraz eta gazteleraz, 4.000 ale guztira. David Zapirain historialariak egindako ikerketa lanean oinarritutakoa da eta 19 orrialde ditu, ilustrazioekin lagunduta. Testuak Zapirainenak eta Juan Carlos Morarenak dira. Aipatutako liburuxka Turismo Bulegoan izango da eskuragarri.

Turismo Bulegoa zabalik

Aste Santura begira, Turismo Bulegoa gaur zabaldu dute udaletxeko sarreran eta apirilaren 15era arte izango da zabalik. Ohikoa denez, bisita gidatuak antolatuko dituzte eta aurrerantzean Irizar jauregiko sarrera izango da geralekuetako bat.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak