Goizean zehar San Pedro, Komenio eta Bidekurutzetako denda eta tabernek kalesan ibiltzeko aukera eskainiko dute ume eta laguntzaile helduentzat, doan. Ibilbidea: Goiko plaza, Komenio, Bidekurutzeta eta San Pedro kalea. Bergarako trikitilariek eta Izarrako Zanpantzarrek alaituko dute giroa. Txorimalo lehiaketa 11:30ean hasiko da Ibargarain eta sari banaketa 13:00etan egingo dute. Era berean, Bergarako trikitilariek emanaldia egino dute Ibargarain, 12:00etan, eta arratsaldean, 17:30ean umeendako zezentxoak izango dira Seminarioko patioan.
Jardun Muniben
Jardun euskara elkarteak izango du baserriko labeldun oilaskoaren txosnaren ardura Muniben, 11:00etatik aurrera. Oilaskoa eta edaria 2 euroren truke eskuratu ahal izango da. Euria eginez gero, toldoa eta mahaiak ere egongo dira jendea gusturago egon dadin. Euskararen alde trago eta pintxo bat hartzeko gonbitea egin du Jardunek. Eguerdian Udal Pilotalekuan izango den herri bazkarian 400 lagun inguru batuko dira; txartel guztiak agortu dira.
Udaltzaingoaren oharra
Feria dela eta, Ibargarai zirkulazioari itxita egongo da lur azpiko aparkaleku publikoko sarreratik Miguel Altunaraino. Trafikoa Ibargaraiko palmerako biribilgunean moztuko da eta beste aldeko zirkulazioa Zurraderotik aterako da. Era berean, Pesako autobusak ez dira herri barruan ibiliko. Beraz, Ibargarai 7 eta Oxirondoko geltokiak zerbitzuz kanpo izango dira. San Lorentzoko geltokia Mutualiaren aurrean egingo da. Hala ere, herri barruko garraio publikoa (urbanoa) normal ibiliko da.
Merkatu txikia Katabian, Santa Marina ondoan izango da. Aparkaleku bereziak egongo dira Ipintza, Martinez de Irala eta San Martin ikastetxeetako jolas patioetan. Autoa ez erabiltzea eta beharra izanez gero ibilbide nagusi gisa saihesbidea eta Zubieta-Masterreka pasabidea erabiltzea gomendatzen dute.