Zer da Uraren Kultura Berria?
Uraren arazoaz jabetu behar dugu eta ulertu behar dugu zertaz dihardugun. Izan ere, begi batekin ikusi edo beste batekin ikusi, ezberdin uler daiteke eta testuinguru batean edo bestean ere ezberdina izan daiteke. Baina, gure testuinguru hurbilenean, zera izango litzateke: teknologiek baliatuta, ura ordaindu daitekeen neurrian eta ura botere gisa erabil daitekeen neurrian, uraren nahiak eta erreken suntsiketak ez daukala mugarik, ase ezina delako botere eta diru nahia. Horrek garamatza atzera begiratzera eta jabetzera duela 60 urte gure errekak gaur egungoekiko oso bestelakoak zirela. Gaur egungo errekak hilotzak dira, hilotz zikinak, kloakak.
Ibaiak garbiago doazela orain, araztegiengatik eta kolektoreengatik?
Ur industrialen garbiketa hutsa da. Ikusi besterik ez dago errekak ur gutxiagorekin doazela gaur egun, erreka ertzak ez direla lehengoak, kanal bihurtuta daudela asko eta asko… Lehen, errekak, bilgune, aisialdigune ziren.
Nora garamatza horrek?
Bide honetatik, ibaiak ia emaririk barik geratuko dira, emari ekologiko deitzen diogunarekin, ur hari fin eta txikia eroango dute; ur industriala, araztegietan garbitutakoa, ez ur naturala. Balio emozionalik bako ibaiak izango dira. Artelan baten kopiak baliorik ez daukan moduan, araztegietan garbitutako urak daroatzan errekak ere ez dauka balio emozionalik, ez dauka arimarik.
Oso ezkor ikusten zaitut.
Gure erreken erabateko suntsipenera, holokaustora, garamatza jarrera horrek. Norbaitek esango du: "Horren inportantea da hori?". Beno, joan gaitezke musika klasikoa suntsitzen eta ailegatuko da momentu bat desagertuko dena, baina bizitzak aurrera jarraituko du… Gizateria, bide horretatik, inboluziora doa, ez doa aurrera.
Errekek balio materiala ere badute.
Bai, hala da eta horixe da arazoa. Truke txanpon moduan erabiltzen da ura, botereak darabil. Eta geratzen zaigun apurra, zaindu egin behar dugu. Hortaz, kultura moduan hartzen ez dugun bitartean, ibaiak txikitzen jarraituko dugu. Bilbo ezin dezakegu ulertu Nerbioi barik, edo Gasteiz Zadorra barik, edo Sevilla Guadalquivir barik, edo Zaragoza Ebro barik… Azkeneko urteotan, ibaiekiko suntsiketa kultura bultzatu dugu eta hori aldatu egin behar dugu: balio emozionalei, eskaintza ludikoari, identitateari, ondasunari…, gauza horiei, eman behar diegu garrantzia. Ibaiek funtzio bat betetzen dute naturan. Urtegiak beharrezkoak dira, baina ez dute areak pasatzen uzten eta itsasora doazenean arearik eta limorik apenas dute ibaiek; ondorioz, hondartzak desagertu egiten dira, hondar barik geratzen dira eta obra garestiak egin behar dira urtero, areari eusteko. Gizakiak beti izan du harreman zuzena ibaiekin, urarekin...
Erakundeek ez diote baliorik ematen Uraren Kultura Berriari?
Ez, argi dago hori. Ez dute ulertzen eta ez dute ulertu nahi. Botereari eusteko, interes jakin batzuen aurrean amore eman behar dute gobernuek. Eta, esaterako, proiektu hidrauliko handien bultzagileen aurrean autonomia txikia dute gobernuek. Lehiakortasuna da kultura dominantea eta gizatasuna, elkartasuna eta halakoak bigarren maila batean daude.
Trasbaseen eta urtegien politikek badute alternatibarik?
Sistema muturrera eroaten gabiltza. Eman dezakeena baino erregadio sistema gehiago jartzen gabiltza eta hori ezinezkoa da. Ahal den guztia ureztatzen dugu eta lehentasunak ezarri behar dugu. Izan ere, sikatea errealitate bat da Iberiar penintsulan. Halere, egarriz ez da inoiz inor hilko hemen. Ura ondasun mugatua da, bai, baina ur larregi eta behar ez denerako erabiltzen dugulako. Egoeratara egokitu behar dugu eta ez Tajotik Segurara moduko ibai trasbaseak egin. Obra kolosala, urtean 1.000 hektometro eroateko diseinatuta, baina, benetan, 300 hektometro darabilena… Sinesgaitza da, baina gertatzen da uraren gaineko politikekin, ze negozioa besterik ez dute helburu. Negozio goseak mugitzen dituzte obra erraldoi horiek eta uraren kudeaketa negargarria da.
Zein da irtenbidea?
Gelditzea! Hau arazo handi baten zati bat da. Arazoa da krisi handi batean murgilduta dagoela zibilizazioa eta guztiari eragiten dio krisi horrek. Aurrerapena, garapena, ongizatea bezalako kontzeptuak berrasmatu behar ditugu, aldatu behar ditugu. Hemen aurrerapena deitzen diogu bandalismoari. Arazo bat konpontzeko, lehenbizi, kontzientzia kolektiboa eduki behar dugu. Eta une honetan ez daukagu kontzientzia kolektiborik, ez delako interesatzen. Norberak, bere eragin esparruan lanean jardun behar du, bere kontzientziak eskatzen dionaren arabera.
Oso polemikoak izan dira hainbat urtegi: Itoitzekoa, Iesakoaren handitzea… Zer deritzozu horien gainean?
Beste astakeria bat. Izan ere, urtegi hori, ustez, Nafarroa hegoaldeko nekazaritza lurrak ureztatzeko egin zen eta nekazariek erabiltzen ez dutenez ur hori, Nafarroako Gobernuak lege bat atera behar izan du kanaleko ura erabiltzea derrigortuz. Nork irabazten duen hortik? Urtegia eta ubidea eraiki dutenek. Zer galdu den? Bailara eta ur eder bat, Itoitz inguru zoragarria.