'Bergara 1936' erakusketa Aroztegin

Edu Mendibil 2012ko martxoaren 30a

'Bergara 1936' argazki erakusketa zabalduko dute gaur, egubakoitza, Aroztegi aretoan. Toribio Jauregi argazkilariak gerra denboran ateratako argazkiak batuko dituzte bertan. Hain zuzen ere, 1936ko uztailaren 18an Espainiako gerra hasi zenetik Elgetako frontea erori arte –1937ko apirilean– egindako argazkiak dira.

Argazkiez gain, testuinguru historikoa azaltzeko helburuarekin, II. Errepublikako eta Gerra hasierako dokumentuen digitalizazioak ere bildu dituzte antolatzaileek. Irudiak eta testuak erabilita, Bergarako garai hartako egoera islatzea da asmoa.

Erakusketa elkarlanean antolatu dute Udal Artxiboak eta Intxorta 1937 Kultur Elkarteak. Artxiboak, dokumentu funtsak gordetzeaz gain, Bergarako argazki funtsa eta bilduma ugari ere gordetzen ditu, ondarea zaindu eta kontsultagarria izan dadin. Intxorta 1937 Kultur Elkarteak, berriz, gerra eta frankismo garaia ikertzea eta memoria berreskuratzea du helburu.

Ikusleen parte hartzea

Antolatzaileen arabera, erakusketak bi helburu ditu. Batetik, udal artxiboko argazkiak erabilita herritarrek garai latz haietako lekukotasunak ikustea. Bestetik, informazioa jasotzea; izan ere, ikusle guztiei parte hartzea eskatzen diete. Nola? Argazkietan agertzen diren pertsonak identifikatzen; horrela, informazio hori Intxorta 1937 Kultur Elkarteak egiteko asmoa duen ikerketan erabili ahal izango du.

Erakusketa martxoaren 30etik apirilaren 29ra arte izango da ikusgai Barrenkaleko aretoan, ohiko ordutegian.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak