Kaliforniarra sortzez, Sonoma herrian sukaldari lanetan ziharduen Eric Haasek (27 urte), eta Euskal Herriko sukaldaritza ezagutzeko interesa zeukan. Aurretik ere bazeukan esperientzia AEBetako zenbait abeltegi eta basetxetan, eta WWOOF (Willing Workers On Organic Farms) elkartearekin harremanetan jarri zen, Euskal Herrira etortzeko zeuden aukerak aztertzeko. Joan den abuztuan etorri zen lehenbiziko Pikunietara eta esperientzia gustatu zitzaion: "Ingurunearekiko errespetua eta animalienganako etika funtsezkoak dira niretako eta gustuko dut Pikunietako eredua, tamaina egokia duelako eta baserri inguruko lan integrala egiteko aukera eskaintzen didalako".
Lan integrala Pikunietan
Pikunietan, berriki hil den Idoia Azkarate eta Jose Ramon Arrieta Ezkerra-ren familiaren laguntza izan du Eric Haasek. "Ezkerrak 25 urtetik gorako esperientzia dauka ardiekin eta gauza asko ikasi ahal izan ditut beraiengandik. Eskola moduko bat izan da niretako eta, esaterako, azken bost asteotan gazta egiteko prozesua bertatik bertara ezagutu dut". Ardi gazta ekologikoa egiten dute Pikunietan. Bereziki, animaliekin eta naturarekin harreman zuzena izatea baloratzen du Haasek: "Gauza handia da arkumeak jaiotzen ikusi, edo haiei edaten erakutsi... Esnea jaistea ere bai... Lan bizia eta gogorra da, bereziki urtarriletik ekainera bitartean, baina niretako bizimodu ideala da, naturari hurbiltzeko modu natural eta oinarrizko bat". Astean 80 bat gazta egiten dituzte Pikunietan eta gehienak aspaldiko erosleei zuzendutakoak dira. Aurreko udan bost astez egon zen Eric Haas Pikunietan, eta ondoren, Frantzian eta Aragoin ere ibili zen. Aurtengorako, Londresera joan eta psikologia ikasketak egitea zen bere asmoa, baina urtarrilean bisitan etorri zenean Pikunietan geratzea proposatu zioten eta baietza eman zuen. Ikasketak Internetik egiten ari da eta apirilean izango ditu azterketak.
Alaskako bakardadean
Bien bitartean gustura dabil gure artean eta ondo baino hobeto integratu dela diosku. Bizitza lasaia atsegin du eta horren adierazgarri AEBtan egin duen lanetako bat: bi uda darama Alaskara joaten, hango gobernuak ordainduta. Ibaiak izokinekin birpopulatzeko lanean ibiltzen da beste lagun batekin, inguruan, kilometro askoan, inor ez dutela. "Horrelako lanek eta psikologia ikasketek badute zerikusi, nor garen ezagutu eta naturaren aurrean ezer gutxi garela ikasi".