Txirrindulariekin bat egin zuten Pol-Poleko mendizaleek ere Gorlan

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko martxoaren 26a

Bergarako Pol-Pol Mendizale Taldeko eta herriko ikastetxeetako (Aranzadi, Mariaren Lagundia eta San Martin) guraso eta ikasleek, 80 bat guztira, Gorlara joan etorria egin zuten atzo, domeka, oinez, kaletik irtenda. Eguraldia, primerakoa. Aldarte onean. Gorlako txirrindularitza igoeraren amaiera bertatik bertara ikusteko aukera ere izan zuten. Primeran igaro zuten goiza.

Goizeko 9etarako zita egina zuten Fraiskozurin. Handik, San Martin plazara abiatu ziren eta Gorlako igoeran parte hartu behar zuten txirrindulariak hasi aurreko prestatze ariketak egiten ikusteko aukera izan zuten. Plazatik, apurka-apurka, maldan gora abiatu ziren Gorlako kantinarantz: Arane, Itxasmendi, Zabaleta…

Pol-Poleko urak herrira ekartzeko XIX mendean eraiki zuten eta duela urte gutxira arte erabilia izan den ur-kanala ere ikusteko aukera izan zuten. Han, gainera, Mendia Bizirik taldeko kideekin topo egin zuten, uraren ibilbidearen gaineko azalpenak ematen zebiltzala.

Gorlan, indarrak hartu, mokadutxoa egin, karrera amaiera ikusi eta behera etorri ziren.

Hurrengo mendi irteera oraingo domekan dute, Kalamuara.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak