Lizarte taldeko Santiago Ramirez izan da azkarrena Gorlan

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko mar. 25a, 17:22

Santiago Ramirez kanariarra izan da Gorlako igoeran azkarrena. Lizarte taldeko txirrindulariak 2.26.00ko denbora behar izan du 90 kilometrotako lasterketa egiteko. Jesus Elortza Bergarako alkatearen eskutik jaso du garaikurra Ramirezek. Bigarrena Antonio Pedrero izan da, 40 segundora; eta, hirugarrena Aitor Gonzalez, hura ere 40 segundora. Bergarar onenaren saria Mikel Aristik jaso du (29. sartu da, 3.09ra) eta Lehendakari sariko maillota Jon Larrinagak jantzi du –Naturgas Energia.

Aste bukaerako kirol kronikak:

Lasterketa polita jokatu zuten atzo Bergaran. Hainbat ihesaldi egin ondoren Santiago Ramirez kanariarra bakarrik iritsi zen Gorlako helmugara. Eskuak altxatuta sartu zen helmugan. Atzetik, 40 segundora Antonio Pedrero taldekidea sartu zen eta baita iaz bigarren egin zuen Aitor Gonzalez ere.

Eroriko larria Zubillagan

Debagoiendarrei dagokienez 8 txirrindulari irten ziren atzoko lasterketan: Debabarrena taldeko Hodei Orobengoa, Mikel Aristi, Eneko Lizarralde eta Jon Rivero; eta, Kanpanzar Harrobiak taldeko Xabier Umerez, Iker Eskibel, Rafa Cordero eta Alex Aranburu. Lasterketa nahiko lasai hasi zuten txirrindulariek.

Lehenengo aldiz Gorla igo zutenean taldetxoak sortu ziren, izan ere denek nahi zuten talde on bat hartu eta atzean ez geratzea. Zubillagan eroriko handi bat izan zen: Hodei Orobengoa eroriko horretan izan zen. Min hartu zuen Orobengoak eta atzean geratzen zebilela ikusita lasterketatik kanpo utzi zuten epaileek. Bestalde, Comet Pierre frantziarra ospitalera eraman behar izan zuten lepauztaia apurtuta.

Azken unean ihes egin zuen

Gorla lehenengo aldiz igo ondoren Aizpurutxo igo behar izaten dute txirrindulariek; eta, amaitzeko berriro ere Gorlako mendatea. Bigarren igoera hori gogorra izaten dela esan zuten txirrindulariek amaieran.

Azkeneko igoera hori egiteko 10 bat laguneko taldea ihes egindako zihoan; tartean, iaz bigarren egin zuen Aitor Gonzalez eta aurtengo irabazle Santiago Ramirez. Gonzalezek amaieran azaldu zuen bera ibili zela tropeletik tiraka eta gainerako guztiak gurpilean izan zituela: "Zainduta egon naiz igoera guztian. Irabazi duena nahiko atzean joan da. Igoerako bost kilometro gutxienez tiraka joan naiz eta besteak gurpilean izan ditut".

Azkeneko kilometroetan Antonio Pedrerorekin batera ihes egin zuen Gonzalezek baina behin Gorlako gaina hartuta Santiago Ramirezek aurre hartu zien biei eta bakarrik iritsi zen helmugara.

Gure txirrindularien lana

Kanariarra pozik zegoen lortutako garaipenarekin: "Ondo irten zait lasterketa". Atzokoan, behin baino gehiagotan entzun behar izan zuen eguzkia berarekin batera ekarri zuela Kanariar irletatik. Hirugarren sailkatua ez zegoen hain gustura: "Hirugarren egitea postu ona da baina pena eman dit aurrerago ez egotea".

Iaz bigarren egin zuen ermuarrak eta aurten lehenengo egiteko gogoa zuen. Hain zuzen, taldekideak ondoan izan zituen gogor lanean Debabarrenako txirrindulariak.

Taldekideen artean libre samar ibili zena Mikel Aristi bergararra izan zen. Lehenengo urtea du Aristik afizionatu mailan eta atzokoan lan bikaina egin zuen: "Ezin naiz kexatu. Uste dut gauzak ondo egiten nabilela eta emaitzek ere laguntzen dute", azaldu zuen amaieran. Eneko Lizarralde bergararrarendako ere lehengo urtea da afizionatuetan. Lesio batetik irten berria da eta lasai hartu zuen atzoko lasterketa: "Denboraldi luze izango dela esan didate-eta".

Jon Rivero, Iker Eskibel eta Alex Anduagarendako ere lehenengo Gorlako igoera izan zen atzokoa. Pozik zeuden helburua bete zutelako: lasterketa amaitzea.

Ereserkia estreinatu zuten

Bergarako Udal Bandak egindako ereserkia entzuteko aukera izan zuten atzo Gorlara joan zirenek. Sari banaketa ekitaldian jarri zuten Lokatzarendako propio egindako abestia. Ramirezek irabazlearen eta mendiko onenaren saria eroan zuen; Aristik bergarar onenaren saria; talde onenaren saria Lizarte talde nafarrak eroan zuen; eta, Jon Larrinagak lehendakari sariko maillota jantzi zuen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak