Mugitzeko beste modu batzuk badirela erakusteko eta ordezko garraiobideak sustatzeko ari dira egiten I. Bizikleta Astea eta, ixteko egun baten faltan, balorazioa positiboa da.
Gaur bertan –zapatua– bizikleta martxak egin dituzte goiz partean eta 200 bat lagunek parte hartu dute –eskola kiroleko neska-mutikoek lehen bietan eta adin guztietako jendeak hirugarrenean–.
Labegaraietan hasi eta bukatu dituzte itzuliak eta, tarteetan, ezohiko ibilgailuak probatzeko aukera izan dute. Kirol aukera, emugi! eta en-medio enpresek ibilgailu ekologikoak, bizikleta elektrikoak, hiru erruberadun patineteak... eraman dituzte eta bat baino gehiagok gozatu ederra hartu du horiekin. Basque Adventurekoen eskutik, bestalde, bizikleta bidaien gaineko informazioa batu ahal izan dute. Materiala trukatzeko azokak ez du aurrera egin, baina Bizikleta Astearen barruan egindako gainerako ekintzen balorazioa positiboa da; pozik daude antolatzaileak orain arte emandakoarekin.
Gorlara oinez
Bihar –domeka– Gorlako igoera jokatuko dela aprobetxatuz, hara igotzeko oinezko irteera antolatu dute; 09:00etan da irteera ordua, frontoian. Eta 10:00etan hasita, ibilbide tematikoa egingo dute Gorlako gainean; ordu t’erdi inguruko mendi buelta izango da.