Aste Santu inguruan egin izan dute gazte independentistek aldarrikapen martxa: topaguneak edo mendi martxak. Azken hiru urteetan ez da horrelakorik egin eta aurten berriro ere indarberrituta datoz. Jaldi Hadi Garaipenera izenarekin aurkeztu dute 2012ko Gazte Martxa. 2012a Nafarroaren konkistaren 500. urteurrena dela kontuan hartuta gainera, inoiz baino ozenago entzungo dira aldarrikapenak aurten martxan.
Apirilaren 8an Aberri Eguna Iruñan
Unai Arantzabal gazte independentistak azaldu dizkigu xehetasunak: "Nafarroan egingo da, Sara eta Lesaka artean, modu honetan Bidasoa aldeko bi mugak lotuko ditugu. Saran hasiko da apirilaren 6an eta 7an bukatuko da Lesakan. Hurrengo egunean, Iruñan Aberri Eguna ospatuko da, apirilak 8".
Txartelak 25 eurotan salgai
Eskualde mailan Gazte Martxara joateko autobusak antolatuko dituzte. "Herrikoetan jarriko ditugu txartelak salgai", azaldu du Arantzabalek. Bergaran esaterako, gaztetxean eta Arranon egongo dira Gazte Martxako txartelak salgai martxoaren 31ra arte 25 eurotan. Martxan bertan 30 eurotan salduko dituzte.
Arantzabalek gaineratu du edonork egiteko moduko martxa dela eta horregatik gazteak animatu gura izan ditu parte hartzera. Gainera, eskualde mailan hainbat hitzaldi egingo dituzte. Esaterako, Nafarroako konkista ezkutua eskura hitzaldia Bergarako gaztetxean egingo dute hilaren 30ean, 19:00etan.