Nekane Jurado: "Greba egiteko arrazoi asko daude, baina bat aipatuko dut: gure duintasuna defenditzea"

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko martxoaren 24a

Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Planifikazioko arduradun izan da 25 urtez. Gaur egun, ostera, liburuak idatzi eta berbaldiak egiten ditu han eta hemen; hark dioen moduan, "titiritero" lanetan, "utopia bat saltzen". Pont de Suertekoa (Lleida) jaiotzez, 9 urte zituela etorri zen Bizkaira. Murgian bizi da. 53 urte ditu. Bergaran izan zen eguaztenean hitzaldia ematen, Krisiaren nondik norakoak izenburukoa.

Martxoaren 29an greba orokorra. Zergatik?

Arrazoi asko daude, baina bakarra aipatu behar badut, gure duintasuna defenditzearren.

Ezertarako balio izango du?

Egun bateko grebaz badihardugu, modu klasikoan ulertuta, egun bateko greba orokorra, bada, sistemak bereganatuta du, ez dio arazorik sortuko. Baina greba berrasmatu beharra dago. 

Zer esan nahi duzu?

Lana dutenen pribilegio moduan saltzen dute greba, asmo txarrez. Baina ahaztu egiten zaigu prekarioan geroago eta jende gehiago bizi dela, edo pentsiodun asko pobreziaren atarian daudela. Zergak, BEZa, gora eta gora doazela, edo elektrizitatea geroago eta garestiagoa dela, edo osasun zerbitzu publikoa gero eta eskasagoa dela… edo gazteriaren zati handi bat, inoizko formaziorik osatuena duena, langabezian dagoela… Greba hau lan-erreforma baino harantzago doa. Mugimendu sozialek egin behar dute greba. Honek ezin du horrela jarraitu. Auzolan kolektiboa bultzatu behar da, greba egun bateko kontua izan ez dadin.

Lan-erreforma beharrezkoa da?

Kapitalarendako da premia-premiazkoa. Eta beste erreforma batzuk ere nahiko ditu. Kontua da kiebra egin duela orain arteko eredu ekonomikoak, gizarte ongizatean oinarritutakoak, nahiz eta hemen oso garatuta ez egon. Jakina, testuinguru honetan, esan dezaket greba ez dela beharrezkoa, iraultza behar dugu!

Posible da iraultza?

Premiazkoa da, ze kapitalak aldez aurretik ezarritako bide batetik eroaten baikaitu. Lan feudalismorantz eroaten gaitu, Asiako lan merkatura. Iraultzak esan nahi du kapitalaren oinarrizko printzipio horiek hankaz gora jartzea komeni zaigula. Krisira eroan gaituzten instrumentu berak erabilita ez gara krisitik aterako. Orain arteko ideologia zalantzan jarri behar dugu. Aldaketa beharrezkoa da. Aberastasuna ezin dezakegu merkatuen esku utzi, herritarrena da. Merkatuei uko egin behar zaie.

Ongizate estatua kolokan dago?

Bai, erabat. 1997an egin nuen azterketa ekonomikoan nioen helburua dela ongizate estatua abolitzea. Oinarriak Maastricheko itunean jarri ziren eta hiru fase zehaztu ziren. Orain, hirugarren fasean gaude. Ongizate estatua, mendebaldeko herrialdeek, kapitalismoak, Sobiet Batasunaren sozialismoari, Berlineraino ailegatu zena, aurre egiteko erantzuna izan zen. Bloke hegemoniko hori behera etorri zenean, eta ezkerra ideia-umezurtz geratu zenean, kapitala berrantolatu egin zen.

Kapitalismo honek badu alternatibarik?

Ekonomia soziala. Baina horretaz dihardudanean ez dut esan nahi hemengo kooperatibez. Jendarteak ze behar dituen aztertu eta behar horiei modu endogenoan zela erantzun aztertzeaz dihardut. Ahalik eta modu autosufizienteenean benetako beharrei erantzuteko. 

Zein da azken ekonomia krisi honen errudun edo erantzule?

Kapitalak merkatu globalizatuan lanean dihardu. Eta mundu horretan, Europan egon daitekeen babes maila, hezkuntzan, osasungintzan… beste toki batzuetan deseginda dago: Ameriketako Estatu Batuetan… edo beste toki batzuetan inoiz ez da hori garatu. Hortaz, lehiakortasunik ezaz  dihardutenean, lakra moduan hartzen dute. Eredu hori zaharkituta dago. Lisboako Itunean, 2010ean, ongizate estatuaren ordez beste kontzeptu bat ezarri zuten: norberak ordaindutako gizarte ongizatea. Ustez, jendarte heldua da gurea eta ez dauka aita Estatuaren babesik beharrik. 

Defizita eta gastu publikoa murriztea da Europa osoan aplikatu nahi den politika. Hori da agindua. Hori da irtenbidea?

Esango balute: "Gizarte ongizatea murriztu behar da!". Bada, orduan, konturatuko ginateke eta erreakzionatuko genuke. Baina eufemismoak erabiltzen dituzte errealitatea ezkutatzeko. Sarrerak txikitzen badira, zerga politiketan gehien dutenak sarituz, eta defizita handitzerik ez baduzu nahi, bada, gastuari eutsi beharko diozu, defizitari eutsi. Eta hortik dator hezkuntzan, osasunean edo beste gizarte gastu batzuetan murriztea. Zein da kontsigna? Defizit publikoa murriztea. Oso ondo geratzen da hori.

Baina hori udalek eta foru aldundiek ere egiten dute, baita ustez ezkerrekoak direnek ere…

Merkatuek agintzen dute eta merkatuek jartzen dituzte gobernu batzuk. Kartak agerian daude. Bilduri ere esango nioke, eta 2008an idatzi nuen, herri honek daukan arriskurik handienetakoa dela kupoa. Kontzertu ekonomikoa dela-eta, Estatuari ordaindu behar dioguna. Arrisku aldebakarrekoa da, gainera. Ze kupoak esan nahi baitu Estatuari ordaindu behar diogula, urtero, 6,24 Euskal Autonomia Erkidegoan eta 1,6 Nafarroan, transferitu bako konpetentziengatik. Ze gertatzen da? Espainiako Estatua ari dela dirutza ematen bankari, edo NATO ari dela berrarmatzen… Horretaz gain, bost milioi langaberi ordaindu behar zaie. Horiek guztiak dira transferitu bako konpetentziak. Madrilek gaur egun gastatzen duen %70 inguru da transferitu bako gastua. Kontuan izan gure ogasunak gutxiago jasotzen dutela, baina, era berean, beste aldetik, Estatuari kupo bitartez berdin ordaindu behar diogula, aldebakarrekoa delako. Kontuz, hortaz, ze euskal sektore publikoa kiebra egoeratik gertu baitago! Ogasunek jasotzen dutenen artetik, lehenengo, Madrili ordaintzen zaio;  %70 Eusko Jaurlaritzak eroaten du, eta geratzen dena da diputazioarendako eta udalendako. Joko araua aldatu egin behar da. Ze hutsa kudeatzen aritu beharko baitugu, bestela. 

Lehiakorrago izan behar dugula entzuten dugunean, zer datorkizu?

Beste inor baino lehiakorragoa izatea da saltzeko daukazuna beste inork baino merkeago saltzea. Lehiakorra izan naiteke botila bat ur saltzen, plastikozko botila egiteko inbaditu dudan herriaren petrolioa badarabilt; edo ura herritarrei lapurtzen badiet, pribatizatuz… Eta, ura botilaratu edota saldu behar duen horri, lau txakur handi ematen badizkiot. Hori da lehiakor izatea. Eta produktibitatea handitzeko modua da makinak erabiltzea. Teknologiaren esku dago produktibitatea. Ekonomia bat produktiboagoa izango da eskulan gutxiagorekin gehiago produzitzen duenean. 

Espainia zama?

Bai. Euskal Herria euskaldunondako errentan dagoen ondasuna da. Errentan ordaintzen dugun hori kupoa da, erabat injustua dena. Argi dago zergatik den garrantzitsua Euskal Herria, Kataluniaz gain, Espainiarendako. Badaude eredu alternatiboak, eta, horiek ezarri nahi baditugu, ekonomikoki erabat burujabeak izan behar dugu. Independentzia behar-beharrezkoa da guretako. 

Euroa alternatiba ala zama da?

Euroa Alemaniaren diseinua da. Euroak markoa ordezkatzen du eta Europako Banku Zentralak Bundesbank. Alemaniarren neurrira egindako moneta da Euroa; hau da, geure errealitatetik urrun dagoen errealitate batetik diseinatutakoa. Lan-erreforma eta euroa lotuta daude. Lehen, pezeta debaluatzen zen. Orain, hori ezin daiteke egin. Egiten da lan kostuak debaluatu. Patronalaren beharrei erantzuten die lan-erreformak, azkenean, kostu merkeagoko merkatuetara jotzen duelako patronalak, etekin handiagoak edukitzeko. Moneta ezin daitekeenez debaluatu, soldatak debaluatzen dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak