Hainbat puntu landu eta onartuko dituzte. Aipagarriena, zuzendaritza batzordearen berritzea izango da. Hamar kide ditu batzordeak eta bi aldatuko dituzte. "Berez lau kideri tokatzen zaigu batzordea uztea, baina bik, jarraitzea erabaki dute. Hori horrela, bi kide berri bakarrik aukeratu beharko ditugu", esan digu San Joxepeko presidente Carlos Arrondok.
Zazpi urteren ondoren presidente izateari utziko dio, eta "gogoa" baduela esan digu: "Deseatzen nago. Zazpi urte gogor izan dira. Erreleboa emateko ordua dela uste dut. Ilusioarekin hartu nuen kargua, baina gerora ikusi dut, ez dela erraza erretiratuen elkarteko presidente izatea. Asko exijitzen dutenek, ez dute ezer egiten. Ordu asko dira. Zapatuetan eta domekatan izan ezik, egunero neukan lana elkartean", esan digu.
Dena den, presidente kargua utzi arren, kolaboratzaile moduan lanean jarraituko duela esan digu: "Aurrerantzean lasaiago ibiliko naiz. Zuzendaritzako kide ez naiz izango, baina laguntzaile moduan egongo naiz".
Txosten ekonomikoa
Urteko ohiko batzarrean beste hainbat puntu ere adostuko dituzte; besteak beste, 2011ko txosten ekonomikoa eta 2012rako ekintzen egitaraua. "Diru kontuen gaineko txostena eginda daukagu, eta bazkideei erakutsiko diegu. Gainera, urteko ekintzen zerrenda ere badaukagu. Proposamenak dira, baina bazkideen oniritzia behar dute", dio Arrondok.
Oraingoz ekintzen egitaraua zirriborroa besterik ez da. "Guk ekintza guztietarako datak ipini ditugu, baina aldaketak egon daitezke urtean zehar", esan digu Arrondok.