Ordutik urtero-urtero afizionatu mailako oilarrak animatzen dira, Debagoieneko lasterketa esanguratsuenean, Pintokoak ezarritako markara gerturatzen –gainontzeko ziklistek eurendako egin behar izaten dute lan, baina Gorlan baino, Deskargan.

Madrildarrak 20 minutu eta 30 segundotan geratu zuen kronoa, eta errekorra gainditzera zihoala ez zekienez azken metroak lasai egin zituen, denbora galduz. Hala, lehenago marka onena Juanma Garatek zuen, 1998an Contadorrek baino hiru segundo gehiago behar izan zituen Gipuzkoako mendate nagusietako bat igotzeko (20:33).


"Dena gertu dago"
Gorlako 37. Igoera denboraldiko zazpigarren lasterketa izango da,, eta duda barik, orain artekoen artean garrantzitsuena: "Asteburuan Madrilen Koparako baliagarria den beste lasterketa bat dago, baina ez dut uste guretako eraginik izango duenik".
Esaera zahar batek dio Bergaran irabazten duenak profesionaletara salto egiten duela, eta erakusleiho aparta da txirrindulariendako: "120 txirrindulari inguru espero ditugu eta maila onekoak. Jakin dugunez, Grijalba, Salas eta konpainia garaipen bila datoz, horrenbestez, borroka polita egongo da", diosku Lokatzako presidente Migel Angel Larrañagak.
Aurtengo lasterketa, gainera, Lokatzako lagunendako berezia izango da: "Aspaldiko partez herriko hainbat txirrindularik parte hartuko dute lasterketan, eta polita izango da. Horrekin batera Arrasateko talde berria ere etorriko da, horrenbestez, inguruko ziklista asko izango ditugu".
Urtzi Mugurutza, irabazle
Sumofic-Igartua taldeko Urtzi Mugurutza txirrindulari antzuolarra azkarrena izan zen domekan Eibarren egin zuten lasterketan, eta lehenengo garaipena eskuratu zuen. Bederatzi laguneko taldea batera iritsi zen lasterketaren amaierara, eta azken kilometroan lan oso ona eginez Mugurutzak jaso zituen Eibarko kaleetan besoak.
Aurten egin dituzten lasterketetan aurreko taldeburuan helmugaratu da Mugurutza, eta denbora kontua zen garaipena lortzea.

Debagoieneko txirrindulariak, inoiz baino gehiago
Azken urteotan Gorlako Igoerak ordezkaritza txikia izan du ibarreko ziklistei dagokienez. Iaz Jon Rivero bergararra izan zen bakarra, eta lasterketa amaitzea lortu zuen afizionatu mailako bere lehen urtean.
Aurten taldekide berriak ditu, Hodei Orobengoa, Eneko Lizarralde –ez dago argazkian– eta Mikel Aristi. Lasterketa berezia izango da eurendako, duda barik.
Baina eurekin batera pelotoiko talde berri Kanpanzar Harrobiak taldeko txirrindulariak ere izango dira Gorlako gogortasuna probatzen; erretratuan daude Umerez, Aranburu eta Eskibel, guztiak lehen urtekoak.