Kontatu nahi izan digute, Gasteiz inguruan bereizki, Extremadurako jende asko bizi dela, eta euren musikak jarraitzaile asko dituela Euskal Herrian. "Barakaldon ere, esaterako, Rock Star aretoa bete egin genuen, ikaragarria izan zen, ia bi mila lagun batu ziren orain gutxi emandako kontzertuan". "Orain azken diskoko El amor se escapa singlearen bideoklipa grabatzen ari gara. Gure asmoa da Bergaran, a capella aurrerapentxo bat ere egitea eta gure jarraitzaileak gustura uztea. Apirila erdialdean jarriko da diskoa salgai eta primizian entzuteko aukera ere egongo da aurrerapentxo bat". Baina, Debagoieneko jarraitzaile sutsuak lasai egon daitezke; Izan ere Los Chunguitosen betiko abestiak entzuteko eta dantzatzeko aukera izango dute Tartufon Dame veneno, Mami edo Soy un perro callejero kantu mitikoekin.
Musika eta estilo aldaketa
Rumba eta pop ukituak dituen Se escapa diskoak Los Chunguitosi haize berria eta freskoa emango diola azaldu gura izan digute Salazar anaiek. "Musikan eta estiloan aldaketa ekarriko du disko honek; hala ere, lasai egon daitezke jarraitzaileak, izan ere esentzian betikoak izaten jarraitzen dugu-eta".
37 urteko ibilbidea
Ia lau hamarkada eszenatokiz eszenatoki daramatzate Salazar anaiek. Hala ere, sasoiko daudela kontatu digute: "Gimnasiora joaten gara, etengabe musika konposatzen dihardugu... sasoi primeran aurkitzen gara oraindik; gelditu ere ez gara egiten!". "44 kontzertu ditugu eta guztira aurten, 80 egitea da gure asmoa; www.loschunguitosonline.com webgunean duzue informazio guztia. Askorik aurreratu ezin dugun arren, Txilera joatekotan gara maiatzean; Txilen jarraitzaile asko ditugu-eta", aurreratu gura izan digute.