Eneko Ioldik jantzi du Soraluceko lau t'erdiko txapela

Xabier Urtzelai 2012ko martxoaren 21a

Eneko Ioldik pronostikoak bete eta Soraluce torneoko lau t'erdiko txapela jantzi zuen atzo iluntzean Bixintxo Bilbaori 22-15 irabazi ostean. Hala, duela bi urte finalera iritsi eta Onsaloren kontra galdu zueneko arantza atera ahal izan zuen Ioldik. Giro polita izan zen pilotalekuan, eta ikusleen pilota-gosea ondo asetu zuten finaleko protagonistek, lehia ederra izan zelako. Parean egon ziren indarrak, biak ala biak aurretik ibili ziren markagailuan, boladaka jokatu zuten eta tanto asko bikain amaitu zituzten. Hirugarren sailkatzeko lehian Ander Mugurutza bergararrak 22-8 irabazi zion Jakari. 

Afizionatu mailan ia dena irabazi duen pilotari osoa, eta gaztetasun eta freskotasunaz kategoria horretan geroago eta protagonismo handiagoa izaten dabilen pilotaria izan ziren atzo aurrez aurre, Soraluce Sariko Lau t'erdikoan: Eneko Yoldi eta Bixintxo Bilbao zein baino zein gehiago. Lehia parekatua izan zen, eta partidua amaieran irabazleak onartu zuen gogorra egin zitzaiola lehia: "Kanpotik ez dakit zelan ikusi den, baina barrutik ondo sufritu dut partidua irabazteko. Bixintxo maila oso onean egon da torneoan, eta kosta egin zait".

Partidua indartsu hasi zuen Yoldik, sakeaz min egiteko gaitasun handia du, eta konturatu orduko 4-0 zen aurretik. Bilbaok, baina, garaiz erreakzionatu zuen partidua berdinduz (4-4). Lehenengo tantoetatik garbi geratu zen ikusleek gaztearen aldeko apustua egin zutela, eta haren tantoak gehiago txalotzen zituzten. Egia da Bixintxok ikusgarriago jokatzen duela, azkarrago, nerbioaz. Yoldik ez da horren ikusgarria, baina denean moldatzen da ondo eta seguru jokatzen du, tantorik galdu gabe. Eta atzo ondo erabili zituen bere aldeko armak. Yoldik 11-9koa egin zuenean aprobetxatu zuen sakez berriro ere min egiteko, azken tantoetan Bixintxo ondo zebilelako kontrarioaren sakearen aurrean erantzuten. Berriro ere lau tantoko aldea hartu zuen (13-9), baina Bilbaok ez zuen amore emateko asmorik (13-11).

Partiduaren erdialdean etorri ziren tanto politenak, bat baino gehiago piloteo luzeen ostean bikain errematatuta. Partiduko tarte horretan bietako inork ez zuen alderik hartzen (16-15), baina ordurako Bilbaok egina zuen partiduko azken tantoa. Elkarri estropezu egin eta Yoldi lurrera joan zenean epaileak buelta eman zuen, eta badirudi ipurdiko horrek Yoldi esnarazi zuela, edo Bilbaok kontzentrazioa galdu zuela (17-15). Handik aurrera batek bakarrik asmatu zuen partidua errematatzen, gerriko gorria zeramanak, Yoldik (22-15).

Mugurutza hirugarren

Finalaren aurretik Jakak eta Ander Mugurutza bergararrak jokatu zuten hirugarren sailkatzeko partidua. Partidu hotza izan zen, Jakari kosta egin zitzaion partiduan sartzea (12-3) –edo Mugurutzak ez zion sartzen utzi– eta bergararrak erraz irabazi zuen (22-8). Partiduko azken tantoetan erakutsi zuen Jakak bere jokoaren hainbat bristada, baina beranduegi zen. Anderrek oso defentsa ona erakutsi zuen, sakez min egin zuen eta aurreikusi baino gutxiago sufritu zuen: "Jakaren benetako maila azken tantoetan erakutsi duena da, baina Arratibelen kontrako partiduan ere antzerako zerbait gertatu zitzaion. Oso pozik nago egin dudan txapelketarekin, eta gaurko joko mailarekin. Pena ikusleendako ez dela partidu polita izan". Finalaren gainean iritzia eskatu genion, eta partidu parekatua aurreikusi zuen, baita asmatu ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak