Aurtengoa 9. edizioa da eta herririk herri darabil ikusgai 8 lan: film laburrak, bideoklipak, animazioak... Film horien artean zazpi euskaraz dira eta bat galegoz. Lehen aldiz hori.
Euskarazko ikus-entzunezko urteko produkzioa ezagutarazi eta herrietako kultur eskaintza aberasteko helburua duen zirkuitua urtero antolatzen du Topaguneak, herrietako Euskara Elkarteekin lankidetzan.
Aurten aukeratutako ikus-entzunezkoen sorta sorpresaz beterik dator gainera:
Alde batetik, 1961eko Aberria eskainiko dute. Gotzon Elortzak zuzendutako dokumentala euskaraz egindako lehenengoetakoa da. Aberriaren inguruko hausnarketa aurkezten du, garaiko euskal kulturaren ikur ziren Balentin Enbeita eta Jon Lopategi bertsolarien eta Victor Olaeta dantzariaren eskutik.
Bestetik, lehen aldiz Laburbiran, euskaraz ez den film bat ere sartu dute programazioan: Xoxe Diazen Instalación. Galizian eta galegoz egindako lana. Edizio honetatik aurrera, Laburbirak urtero eskaini nahi du egoera gutxituan dagoen hizkuntzaren batean sortutako lan bat, euskaraz azpidatzia, euskarazko produkzioarekin batera.
Benito Ansola bekak
Bi horiekin batera, Topaguneak sortutako Benito Ansola Bekekin 2011n ekoitzitako lehen bi lanak ere sartu dituzte programazioan: Joseba Uberuagaren Izena duena, 3D animaziozko ipuin laburra, eta Paul Urkijo eta David Zabalaren Ohe azpiko zera, Espainiako Gerran girotutako istorioa.
Beste lau lanak Maialen Sarasuaren Hemen nago, Jon Garañoren Urrezko eraztuna, Gregorio Muroren Zeinek gehiago iraun eta Revolta Permanent taldearen Kantuka bideoklipa izango dira.
Azken hori Topaguneak sustatzen duen Izarren Distira kultur programaren barruan ekoitzi da.
Bistan denez, askotariko aukera egiteko arreta berezia jarri da, eta horrela, formatu, estilo eta izaera oso ezberdineko piezek osatzen dute emanaldia: umorezko laburrak, serioagoak, irudi errealekoak...
Filmen sinopsiak hemen
Sortzaileak eta ikusleak, elkarrekin solasean
Egile zein ikus-entzuleentzat, Laburbira aukera ona da euskarazko produkzioa ezagutarazteko, eskaintza herri askotara zabalduz. Herriotako asko txikiak izanik, gutxitan izaten dute zinema bertan eskaintzeko aukera.
Gainera, egileak eta ikusleak elkarrengana hurbiltzeko asmoz, saio batzuetan solasaldia egingo da egileekin, proiekzioaren ondoren. Batzuek zein besteek biziki eskertzen dute zuzeneko iritzi-trukerako aukera hori, normalean oso aberasgarria suertatzen da eta.