Finalerdia galdu, baina partidu txukuna eginda.
Niretako oso garrantzitsua da hori, zapore onaz geratzea eta kontrarioa estutzea; azken baten, norberak duen jokoa ateratzea. Izan ere, halako partidu bat 22-4 amaitzea penagarria izaten da. Partiduan ni jarri nintzen markagailuan aurretik, baina sakez Yoldik min handia egin zidan; sake izugarria du. Atzetik aurrera egitea lortu nuen eta 18-16 ere egon ginen; sakea errekuperatu zuenean, baina, akabo.
Beste finalerdian, Bixintxo Bilbaok egin zuen aurrera.
Partidu horretan ez zen kolorerik izan. Arratibelek aurrekoan partidu ederra egin zuen Jakaren kontra, eta uste nuen indarrak parean egongo zirela, baina Bixintxok goitik behera menderatu zuen. Torneo hasieran Bixintxo ez nuen faborituen artean ikusten, baina erakutsi du pilotari osoa dela, sakea, bolea, kolpea... denetik du. Finalera zeintzuk iritsi diren ikusita, lehia ederra aurreikus dezakegu.
Zuen kasuan, herrikoak izanda badirudi plaza oparitu egiten dizuetela. Baina kantxan, finalerdietarako bidea zuk egin duzu.
Gustura ibili naiz. Halakoetan oso-oso garrantzitsua izaten da txapelketak ze gorputzaldirekin harrapatzen zaituen, eta uda partean partidu gutxi jokatu nituenez orain ondo nago, bestela, urtean zehar ordaindu egiten dugu hori. Pilota kolpe onarekin nago, indarraz.
Txapelketa bereziki prestatu duzu?
Ez, ez.... 30 urterekin ez gara hasiko halakoak jokatzeko prestakuntza bereziak egiten [Barre]. Egia da Lau t'erdi barruan entrenamendu saio batzuk egin ditugula, baina gehiago izan da fresko nagoela.
Orain artekoa ikusita, torneoaren ze balorazio egingo zenuke?
Uste dut torneo oso polita izaten dabilela. Lehia politak ikusi ditugu, eta zeintzuk jokatu duten ikusita, tokatu ahal zen final politenetakoa izango dugula uste dut.
Maila polita erakutsi dute bi pilotari horiek.
Guztiok ezagutzen dugu Yoldi. Profesionaletara salto egin ez badu izan da haren jokoa ez delako oso ikusgarria. Baina, afizionatu mailan irabazi daitekeen guztia irabazi du: Elgetan irabazi du, DV txapelketa birritan irabazi du, Espainiako Txapelketa hainbatetan... Eta Bixintxoren gainean ere berdin, ez nuen faboritotzat jotzen, baina sekulako maila erakutsi du.
Zu, berriz, hirugarren postuagatik lehiatuko zara Arratibelen kontra.
Ahal duguna egingo dugu, ea daukagun maila erakusten dugun. Yoldiren kontra galdu arren gustura geratu nintzen, eta horrekin konformatuko nintzateke.