Migel Sagastume soinujolea omenduko dute egubakoitzean

EduMendibil 2012ko mar. 19a, 10:00

Debagoieneko musika eskolek egubakoitzean, Santa Marina parrokian, eskainiko duten kontzertuaren barruan, Migel Sagastume soinujole ezaguna omenduko dute.

Aipatutako kontzertua 20:00etan izango da eta bertan hartuko dute parte Soraluzeko Musika Eskolak, Arrasate Musikalek, Eskoriatzako Beheko Errotak, Aretxabaletako Leizarra Musika Eskolak, Oñatiko Jose de Azpiazu Musika Eskolak eta Bergarako Musika Eskolak hartuko dute parte.

Akordeoia izango da egubakoitzeko emanaldiko protagonista nagusietako bat: 90 akordeoilari inguru batuko dira Santa Marina kontzertuan. Irungo Kontserbatorioko seikoteak ere hartuko du parte eta bertan jotzen du Migel Sagastumeren iloba batek, June Martin 19 urteko gazteak. Era berean, Joxan Goikoetxea ezaguna ere gonbidatu dute omenaldira: Hubert Giraudek konposatutako eta Alfredo Gonzalez Chirlaquek moldatutako Bajo los techos de Paris pieza joko dute June Martinek eta Goikoetxeak.

'Urkiko Magoa', erreferente bat

Miguel Sagastume Urkiko Magoa akordeoilari moduan aitzindari eta erreferente bat izan da eta hori nabarmendu dute hain zuzen ere omenaldiko antolatzaileek. 1931n Eibarko Urki baserrian jaioa, Kuban ere musikari ibili zen Miguel Sagastume. 19 urte zituela, amak lagunduta joan zen Kubara, eta lau urte eman zituen Habanako Tropicana kabaret famatuko orkestran. Besteak beste, Bebo Valdes famatuarekin aritzen zen han. Orain dela gutxira arte soinua jo izan du Migel Sagastumek, medikuak debekatu egin dion arte.

Kasualitatez, omenaldiaren bezperan, martxoaren 22an, 81 urte beteko ditu Urkiko Magoa-k. Musikariek opari polita eskainiko diote egubakoitzeko omenaldiarekin. Amaieran, partaide guztiek Viva Mexico eskainiko dute. Oihan Vega ezagunak egingo ditu aurkezle lanak egubakoitzean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak