Adinik ez Angiozarren trikiti eta pandero doinuekin gozarazteko

Txomin Madina Milikua 2012ko martxoaren 17a

Ez zen erraza izan atzo iluntzean Angiozarko trikiti eta pandero-joleek eskaini zuten emanaldian lekua hartzea, auzotarrek goraino bete zuten-eta Angiozarko saloia. Seguru gainera bat bera ere ez zela damutu kontzertura joan izanaz; musikariek sekulako giroa jarri zuten, eta ikusleak behin baino gehiagotan izan zituzten lagun jotako piezak abesten.

Angiozarko trikitilarien atzoko emanaldiak iraun zuen ordubete pasatxoan, asko izan ziren jo zituzten piezak. Batzuk betiko doinu ezagunak, Xabier eta Iker anaiek jotako Martxa baten lehen notak, esaterako; beste batzuk ez hain betikoak baina bai ezagunak, adibidez,  trikitilari guztiek batera eskaini zuten Ai seu te pego.

Argi geratu zen instrumentu bat jotzen ikasteko ez dagoela adinik; izan ere, hainbat guraso ere badabiltza panderoa eta trikitia jotzen ikasten, eta euren emanaldiekin txalo zaparrada beroak jaso zituzten. Oñatitik joandako gonbidaturik ere izan zuten, eta hala, Agur eta Ezozik osatutako bikote oñatiarrak hainbat pieza jo zituen. Festa ez zen bukatu saloiko emanaldia bukatzean; kalean jarraitu zuen kalejirarekin eta ondoren, afariarekin.

Harkaitz Allur trikiti irakaslea pozik zegoen kontzertuak emandako arrakastarekin: "Beldur apur bat nuen, neska-mutikoa bost hilabete bakarrik daramatzatelako ikasten, baina publiko ona izan dugu eta sekulako giroa egon da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak