Ura protagonista Ingurumen Astean

Edu Mendibil 2012ko martxoaren 16a

Ingurumen Astearen barruan, 'Ibaiak eta Uraren Kultura Berria' erakusketa zabalduko dute gaur Aroztegin. Martxoaren 25era arte izango da ikusgai. Era berean, Uraren Kultura Berriarekin lotutako ekitaldia izango da Barrenkaleko aretoan hurrengo egubakoitzean.

Hainbat herritarrekin elkarlanean, Ingurumen Astearen barruan, Uraren Kultura Berria ezagutu eta ezagutzera eman nahi du Udalak. Uraren eta  ibaien kudeaketan jasangarritasun irizpideak barneratu daitezen lan egiten duen mugimendua da aipatutakoa. Zientzialariek, arloko teknikariek eta herri mugimenduek bat egiten dute. Horren adierazle, ikuspegi horren barne sortu den Fluvi-zoriontasunaren mugimendua: erreka eta ibaiek dakarten osotasun emozionala eta urarekin disfrutatzearen gozamenak gure osasunean duen eragin positiboa islatzen ditu aipatutako korronteak.

Uraren Kultura Berrian, ibai-errekek gordetzen duten biodibertsitatea ezagutzea eta kontserbatzea funtsezkoa da. Erreken balio sozialak, kulturalak, ludikoak, estetikoak eta paisajistikoak, funtsezko elementuak dira. Betiko politika hidraulikoak motz gelditu dira gizartearen behar eta kezka berriei aurre egiteko orduan, eta garapen jasangarriaren paradigma berriaren aurrean. Horren aurrean, uraren kudeaketa modu efizientean egiteko premia gero eta nabariagoa da.

Ekitaldia martxoaren 23an
Hurrengo egubakoitzean, martxoaren 23an, ekitaldia izango da  Aroztegi aretoan, 19:30ean. Iñaki Antiguedad, EHUko hidrogeologia katedradunaren aurkezpenaren ondoren, Javier Martínez Gil hidrogeologoak La nueva cultura del agua hitzaldia egingo du. Jarraian, Montse Castella kantariren saioa izango da. Ekitaldira hurbiltzen direnek liburu oroigarria jasoko dute. Ondoren, luntx-solasaldian parte hartzeko aukera izango dute, 21:30ak aldera.

Erakusketa Aroztegin
Era berean, gaur Aroztegin zabalduko duten erakusketa hilaren 25era arte izango da ikusgau. Emilio Gastonen (Zaragoza, 1935) eskulturak eta poemak jarriko dituzte eta, aldi berean, Deba ibaia bizirik argazki eta dokumentu bilduma eta ikus-entzunezkoak. Bi ikus-entzunezko botako dituzte: Ireki atea ibaiari (Ebro ibaian kayak batetik hartutako irudi sorta ) eta bestetik Txomin Amasorrain zenak 1960ko hamarkadan errekak herrian zuen garrantziari buruz egindako film laburra.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak