Bergarako Udal Musika Bandak Lokatzarendako musika egin du

Arantzazu Ezkibel Galdos 2012ko martxoaren 16a

Ziklismoa eta musika. Biak elkartuko dira domekan Bergarako Udal Pilotalekuan. Ze lotura duten? Bada, Bergarako Udal Musika Bandako zuzendari Alfredo Gonzalez Chirlaquek Lokatza ziklismo taldeari eskainitako abestia egin du. Lan hori domekan estreinatuko dute, 12:30ean.

Ideia ziklismo taldekoek izan zuten. Taldearen aurkezpenak egiten dituztenetarako eta lasterketak antolatzen dituztenetarako musika izan gura zuten.

Lasterketa musikatua

Orain dela hiru bat hilabete jaso zuen Gonzalez Chirlaquek musika egiteko eskaera Mikel Larrañaga ziklismo taldeko presidentearen eskutik. Zer egin zezakeen pentsatzen jarrita, Chirlaquek argi izan zuen abestia ziklismoarekin lotu behar zuela. Horretarako, onena lasterketa baten deskribapena egitea zela pentsatu zuen. "Nire galdera izan zen: zer egin dezaket Lokatzaren inguruan? Nire ideia izan da abestia ziklismoarekin lotzea, lasterketa baten garapena deskribatzea", azaldu du zuzendariak. Hala, lasterketa baten izaten den giroa ekarri gura izan du Chirlaquek abestira: "Hasieran lasterketa aurretiko giroa azaltzen dut, gero lasterketako hasierako zatia, ondoren mendateetako giroa azaltzen dut eta amaiera polka azkar batekin egin dut", dio. Amaierako polka horrekin lasterketa amaieran izaten den esprinta irudikatu gura izan du Gonzalez Chirlaquek. Doinu geldoak eta azkarrak nahasten ditu abestian Chirlaquek: "Tempo ezberdinak erabili ditut", dio.
Domekan izango da abestiaren estreinaldia: lehenengo aldiz entzungo dute, bai Lokatzako kideek eta baita herritarrek ere.

Instrumentuen garrantzia

Bandak jotzeko abestia da Chirlaquek egin duena eta gaineratu du instrumentu guztiek garrantzi bera hartuko dutela.
Larrañaga irrikan dago domekan abestia entzuteko: "Sorpresa izango da; niretako bai, behitzat. Uste dut bandakoez gain ez duela beste inork entzun. Domekan entzungo dugu". Gaineratu du semea daukala bandan, baina ez diola abestiaz ezer esan. Domekan, hortaz, Lokatzako kideak ez dira errepidean ibiliko, Udal Pilotalekuan egongo dira eurendako egindako "ereserkia" entzuten. "Ez dugu aurkezpen berezirik egingo, hasieran joko dugu abestia eta amaieran errepikatu egingo dugu. Hori bai, partitura emango diegu Lokatzakoei", azaldu du Gonzalez Chirlaquek. Zuzendariak berak ere ilusioz dagoela esan digu.

Egitaraua:

Lokatza                       A. Gonzalez Chirlaque
La princesa amarilla     C. Saint-Saens
Laura                          J. Haderman
El cinghiale di bronzo    K. Tanaka
The Lion King               H.Zimmer

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak