Hiri hondakinen gainean eztabaidatu dute politikariek jendearen aurrean

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko martxoaren 15a

Bergarako Zabalotegi aretoa bete egin da hiri hondakinen gainean eztabaidatzeko. Bertan izan dira bost alderdi politikotako ordezkariak: Juan Carlos Alduntzin (Bildu), Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ), Denis Itsaso (PSE-EE), Rebeka Ubera (Aralar) eta Mikel Izagirre (Ezker Anitza). Bakoitzaren proposamenak entzun ahal izan dute bertaratuek eta eztabaida sutsua izan da une batzuetan. Gainera, aretoa bete duten herritarrek ere galdera egiteko aukera izan dute eta twitter bidez zein e-postaz bidalitakoak ere erantzun ahal izan dituzte.

Hiri hondakinen kudeaketa ereduen gaineko debate sutsua from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

Zabalotegin batutakoen artean, Bergarako alkatea Jesus Elortza eta baita Bergarako zein beste herri batzuetako hainbat zinegotzi alderdi guztietakoak.

Denis Itxaso eta Maria Eugenia Arrizabalaga agertu dira, argi eta garbi, atez atekoaren kontra; gehien birziklatzearen alde, eta geratzen dena, beste aukerarik ez dagoelako, errauskailuan erretzearen alde.

Juan Carlos Alduntzin eta Mikel Izagirre, ostera, atez atekoaren alde, gehien birziklatzen duelako.

Eta, Rebeka Ubera, gehien birziklatzearen alde, herri bakoitzak aukeratuta zein eredu nahi duen. Itsasondoko eredua ipini du adibide moduan, non %82 birziklatzen duten, atez atekoa erabili barik, hain justu ere, zaborra batzeko edukiontzi berdearen ordez, errefusa edo birzikla ezin daitekeena batzeko edukiontzia jarriz.

Osterantzean, hemen eztabaidan jaso diren hainbat iritzi:

Juan Carlos Alduntzin (Bildu):

  • "Birziklatzea edo ez birziklatzea ez da hautazkoa; derrigorrezkoa izan behar du birziklapena, baina herritarrekin ondo azalduz eta hauekin batera egin behar da hori, haien parte hartzearekin".
  • "Gaur egun, urtean, gipuzkoar bakoitzeko 304 kilo urteko doa zabortegira".
  • "Erraustegiak finantzatzeko lerroa itxi egin du Katalunian CIUren gobernuak eta ez arrazoi ekonomikoengatik bakarrik".
  • "Atez atekoa da sistemarik eraginkorrena, baina norbaitek badakar beste sistema egokiago eta hobeagoa, gaika jasotzeko hiri hondakinak, baita organikoa ere, kontuan izango dugu".
  • "Europako Batzordeak eta gaiarekiko adituak direnak diote hondakina baliabide gisa tratatu behar dela eta baita esaten dute ezin dela erre birziklagarria dena. Orain arteko planifikazioa okerra izan da eta erretzea aurreikusten du birziklagarria dena".

Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ):

  • "Zabortegiak errauskailuak dira".
  • "Biometanizazio planta zegoen aurreikusita eta zeuek (Bildu) geldiarazi duzue planta hori. Zergatik geldiarazi eta albo batera eroan arazi duzue lehen planifikatutakoa?".
  • "Bizkaira eta Espainiara ere erbesteratzen hasi zarete zaborra. Hori da irtenbidea?".
  • "Merkerik ez dago hiri hondakinen kontuetan. Errauskailua garestia da baina zabortegiak ere bai".
  • "Errauskailua egiteak kostu hau dauka: 31 euro urtean, 20 urtez, gipuzkoar bakoitzari. Gaur egun zabortegira eroatea kostatzen denaren pare".

Denis Itsaso (PSE-EE):

  • "Inposatzen den guztia zeure kontra bihurtzen da, ezin da atez atekoa inposatu. Konfiantza eduki behar da. Gipuzkoarrok bide bat egin dugu".
  • "Atzetik aurrera hasi dira. Lehenengo atez atekoa martxan jarri nahian, materia organikoa batzeko tokirik ez dagoenean. Organikoa Soriara eroaten?".
  • "Bazegoen prozedura integral bat erabakita aurreko agintaldian eta orain atzera bota da".
  • "Donostian aurreikusita dago jartzea errauskailua eta ez dut etxe ondoan nahi baina… Inork ez du nahi ezer ere ez bere etxe ondoan ez errauskailurik ez eta zabortegirik ere".
  • "Hiri hondakinen kudeaketarako azken faserako, derrigorrezkoa ez dela errauskailua? Ondo. Ez dela beharrezkoa bosgarren edukiontzia? Ados. Baina orokorrean hartu behar da arazoa. Ezin dugu gaika jasotzen hasi eta konposta tratatzeko plantarik ez eduki. Etxea behetik hasi behar da era ez teilatutik".

Rebeka Ubera (Aralar):

  • "Errauskailuarekin aurreko agintaldian, hipotekatu zegin zen Foru aldundia"
  • "Merkeena, ingurumenari kalte txikiena egiten diona, azpiegitura gutxien behar duena, horixe da hautua".
  • "Aurreko agintaldian inork galdetu zigun errauskailurik nahi genuen edo ez?".

Mikel Izagirre (Ezker Anitza):

  • "Urnietan jarri zenuten erraustegia inorekin kontsultatu barik. Han jarri nahi zenuten. Hiru errauskailu jarri nahi zenituzten. Eskerrak geuk bronka muntatu genuela. Hori da planifikazioa?".
  • "Behartu?: 1979an, errenta aitorpena egitera behartu; ondoren, birziklatzera; gero, segurtasun uhala erabiltzera… zigarroa erretzea tabernetan, zer da borondatezkoa? Ez naiz sartuko Konstituzioa zela aldatu duzuen aipatzen, kontsultarik gabe. Kontua da hondakinen birziklatzea herritarren beharra den ala ez".

Mahai-ingurua zuzen-zuzenean eman da Goiena.net-en, streaming bidez, eta, 21:30ean, Goiena telebistan oso-osorik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak