Udal aurrekontua oraindik onartzeke dago. Zer aurrera dezakezu aurrekontuen gainean?
Azken txanpan gabiltza. Ez dira garai onak hauek, eta igarriko dugu hori. Sarrerak nabarmen jaitsi dira eta zailtasunak izan ditugu aurrekontua orekatzeko. Hurrengo astean oposizioari aurkeztuko diogu, ekarpenak egiteko aukera izan dezan, eta hilaren amaieran edo apirilaren hasieran onartzea da asmoa.
Zein alor izango dira kaltetuenak ta zein sarituak?
Kaltetuak herritarrak izango direla esango nuke, haiengan eragin zuzena dutelako. Gastu arruntarekin saiatu gara herritarrak ahalik eta gehien babesten. Argiteria publikoan eta beste hainbat kontutan aurrezteko neurriak hartuko ditugu. Azken baten, bizi dugun krisiak erakutsiko digu herria hobeto gestionatzen. 2007an 29 milioi inguruko aurrekontua zuen Bergarak eta 2011n, berriz, 21 milioi pasatxo. Gastuak gutxitu eta sarreren araberako murrizketak egin behar izan dira. Bestetik, ur zerbitzua eta kaleko garbiketa bere gain hartu ditu Udalak, baina, hala ere, gastua murriztea lortu da. Enplegu publikoaren aldeko apustua egin du Udalak, kalitatezko zerbitzua eskainiz eta kontrola geuk eramanez. Horren balorazio positiboa egiten dugu.
Zelan dago Seminarioko permutaren gaia?
Patronatoa osatzen dugun alde guztiok ados gaude, baina Gipuzkoako Diputazioak markatzen du erritmoa; izan ere, hark du ordezkaritzaren zati handiena, %60 ingururekin. Guregatik balitz, bihar bertan sinatuko genuke permutaren akordioa, baina aurretik plangintza ekonomiko sakona egiteko beharra ikusten dugu. Plangintza ekonomiko horretan, besteak beste, Arrizuriagan egin beharreko lanen aurrekontua zehaztu beharko da.
Uned zentroa Arrizuriagan kokatuko litzateke, beraz. Eta Seminariorako zer aurreikusi duzue?
Bai, Uned ikastetxea Arrizuriagara eramatea da asmoa eta Seminarioan, hasiera baten, museoa eta Udal Liburutegia kokatuko lirateke.
Eta Seminarioko elizan?
Kultur emankizunetarako aretoa kokatzea aztertzen gabiltza. Lokal aproposa izan daiteke horretarako, kontsultatutako hainbat adituren iritziz.
Auditoriuma izan da aspaldiko ametsa. Amets horri uko egin behar zaio garai hauetan?
Ametsak inoiz ez dira baztertu behar, baina une honetan ezinezkoa da erabilera askotariko aretoa egitea. Edozelan ere, agintaldi amaierarako auditoriumeko proiektua eginda uztea da gure asmoa.
Arrizuriaga berritzeko lanak nork ordainduko lituzke?
Patronatuak. Hasiera baten, aurrekontua 5 milioi euro inguru izan daiteke, nahiko egoera kaskarrean dagoelako eta obra dezente egin beharko liratekeelako.
Aspaldiko beste egitasmo bat Miguel Altuna ikastetxe berriarena da. Hasi dira Artabila ingurua txukuntzen, baina noizko ikastetxe berria eta etxebizitzak han?
Aurreko astean izan ginen Jaurlaritzan, Etxebizitza Sailean, eta feeling txarra sumatu genuen han. Momentuan ez dago dirurik egitasmoa aurrera ateratzeko, eta, jakin dugunez, aurten ez da diru partidarik izango Miguel Altuna berriko lanetarako. Diru partidarik ez badago, nekez egin daitezke gauzak.
Zenbait herritarren eta, bereziki, hango dendarien kezka Oxirondo azokari buruzkoa da. Badago asmorik Udalaren partetik azoka biziberritzeko?
Orain dela gutxi mahai gainera etorri den gaia da, baina, beste hainbat konturekin gertatzen den moduan, diru faltaren arazoa hor dago. Herriko merkataritza indartzeko egitasmoarekin lotzen dugu Oxirondoko azokarena. Azken hilabeteotan Jaurlaritzarekin, Beart elkartearekin eta Ikertalde aholkularitza taldearekin elkarlanean ari gara, herriko merkataritza indartzeko ideiak aztertuta. Esate baterako, herri barruan denda ugari itxi dituzte azkenaldian, eta, ondorioz, erakusleiho asko nahiko degradatuta daude. Horri nolabaiteko soluzioa emateko, herriko artistek erakusleiho horiek apaintzeko ideia aztertzen gabiltza, herri barruari bizitasun apur bat emateko.
Bestetik, herriko urbanoaren aldeko apustua egin duzue Udaletik. Zein da orain arteko balorazioa?
Abenduan hasi ziren urbano berriak lanean, eta oso balorazio ona egiten dugu. Zerbitzua bikoiztu egin da eta lehen heltzen ez zen hainbat tokitara iristen da gaur urbanoa; Bolura, esaterako. Urtarrileko datuek erakusten dutenez, erabiltzaile kopurua bikoiztu egin da joan den urteko datuekin konparatuta. Autobus modernoak dira, gutxituendako ere egokituta, eta trafiko arazoari irtenbidea topatzen lagun dezake urbanoak. Kiroldegiarekin eta beste hainbat zerbitzurekin gertatzen den moduan, oraindik ere zerbitzu defizitarioa da urbanoa, baina argi daukagu herritarrei zerbitzu hori eskaintzea funtsezkoa dela, onurak besterik ez duelako ekartzen herriarendako garraio publikoaren erabilerak.
Azkenaldian zeresan ugari eman dute Ibargarain espaloia zabaltzeko udal brigadak egindako lanek. Zergatik iraun dute horrenbeste? Ez da hobe herrian egin beharreko zenbait lan azpi-kontratatzea?
Lan horiek udal brigadak egin behar izan ditu, horretarako dirurik ez zegoelako. Egia da bi hilabete inguru daramatela hor lanean, baina hainbat hoditeriarekin eta bestelakoekin sortutako arazoengatik izan da. Gainera, brigada ez da dedikatzen horrelako lanetara eta haien eginkizunen artean jaietarako prestaketa lanak egitea dago; agertokiak eta bestelakoak jarri, adibidez. Aratusteak izan dira tartean, besteak beste, eta hori izan da lanak horrenbeste luzatzearen arrazoia. Zorionez, lanak bukatzear daude eta ondo geratu da Ibargaraiko gune hori.
Ikusle batek planteatutako galdera: egia al da AHTko lanengatik Angiozarrerako bidea itxi egin beharko dutela?
Nik dakidala ez. Kamioiendako-eta pista zabala zabalduko dute lanen ondoan, baina Angiozarrerako bidea itxi egingo dutela ez da egia.
Udaleko lanera bueltatuz, EAJK zure dimisioa eskatu zuen osoko bilkura baten pankarta batzuk baimentzearren... Zelan dago kontu hori?
Pankarta horiek erakustearena ekintza politikoa iruditu zitzaidan eta EAJren erantzuna ere erantzun politikoa izan zen. Partidu bati zuzendutako kritika bezala ulertzen dut pankartok erakustea eta EAJren erreakzioa neurriz kanpokoa zela iruditu zitzaidan.
Beste ikusle batek bidalitako galderarekin amaituko dugu: Udal Musika Banda ondo ezagutzen omen duzula dio ikusle horrek...
Udal Musika Banda eta Bergarako Orkestra Sinfonikoari buruz 10ekoa merezi dutela esango nuke. Lan ikaragarria egiten dute. Espainia mailan Valentzian-eta tradizio handia dago musika bandekin, baina Bergarakoa ez da atzean geratzen. Onenetakoa da, eta, behin baino gehiagotan konprobatu izan dudanez, primerako giroa daukate Bandan eta Orkestran. Primeran, errege baten moduan tratatu izan naute beti.
--------------------------
Oposizioko alderdien balorazioa eta alkateari galderak
Aintzane Oiarbide | EAJko bozeramailea: "Nahiz eta beraien programan ez azaldu, Udal Gobernua osatzen duten alderdiak konturatzen hasiak dira egoera ekonomiko kezkagarrian dagoela Bergara eta industria esanguratsuenak ere nahiko kinka larrian daudela. Sustapen ekonomikorako neurriak abian jartzea eskatzen gabiltza aspalditik, Udal Gobernuak gai horri heldu diezaiola; izan ere, funtsezkoa da herriaren etorkizunerako. Krisiaren ondorioak nabariak dira eta Bergaran bizi dugun arazoarekin oso kezkatuta gaude". Alkatearen erantzuna: "Mahai bat eratu dugu egoera ondo aztertzeko eta hor dira, besteak beste, hainbat ikerkuntza zentrotako ordezkariak, Mankomunitatekoak, Unedeko eta Miguel Altunako adituak... Mundu mailako arazoa da eta zer egin daitekeen aztertzen gabiltza. Gure ahultasunak eta puntu fuerteak aztertu eta horren arabera jokatuko dugu. Zalantzarik gabe, horixe da gure erronka nagusietako bat eta edozein ekarpen ongietorria izango da".
Mari Karmen Barrenetxea | PSE-EEko bozeramailea: "Oposizioa ez gaituzte aintzat hartzen, eta bozeramaileen batzordea eratzea beharrezkoa ikusten dut Udalaren funtzionamendu hoberako. Bestetik, egoera ekonomikoa nahiko larria dela kontuan izanda, Mizpirualdeko zorra Diputazioak bere gain hartu beharko luke. Horixe eskatu genuen aurreko baten udaletxean. Diputazioa zor horren kargu egingo balitz, Mizpirualde egoitzara zuzendu beharreko diru hori beste hainbat gauzatarako bideratzeko aukera egongo litzateke. Bestetik, aurreko Udalaren ildotik ikusten dugu Udal Gobernu hau". Alkatearen erantzuna: "Udaletxean ateak zabalik dauzkagu oposizioarendako zein edozein herritarrendako. Oposizioaren iritzia kontuan izaten dugu eta ez da egia baztertzen dugunik. Mizpirualderi dagokionez, besteak beste, irisgarritasun aldetik ez dago behar bezala gertatuta eta egokiena egoitza berria egitea litzateke. Bien bitartean, modulu psikogeriatrikoa homologatu ahal izateko behar diren hobekuntzak egingo ditugu Diputazioarekin batera".
-------------------------
Herritarrak alkateari galdezka
Museoak agintaldiko proiektu izarra izaten jarraitzen du? "Bai, horrela da. Turismoa bultzatzen jarraitu nahi dugu, herriarendako interesgarria delako eta daukagun ondareari esker know-how bat daukagulako honez gero. Seminarioko eraikina ez da Udalarena oraindik baina permuta gauzatzen denean hantxe kokatuko da museoa. Altxor oso ikusgarria daukagu eta permuta gauzatu bitartean museoa beste leku baten jartzeko aukera ere aztertzen dihardugu. Ikusiko dugu zertan geratzen den".
Botiloia-ren arrastoak nabariak dira hainbat lekutan. Neurririk? "Arazo hori herri guztian dago eta ez da gai erraza. Herri askotan ematen den arazoa da eta aztertzen gabiltza zer nolako soluzioa eman gaurko gazteen ohitura horri. Oraindik ere ikasi egin behar dugu zaborrak garbitzen eta txukun uzten erabilitako tokiak. Udaltzainek ez dute gauez lanik egiten eta ezer gutxi egin dezakete... Bestalde, jarrera poliziala ere ez dugu izna nahi. Guassen ere zikinkeria asko egoten da eta hango jabeekin bildu izan gara zenbait aldiz".
Zergatik ixten da Agorrosin asteburu eguerdietan? "Agorrosinek izan duen erantzunarekin oso pozik gaude. Kirola egiteko erreferentziazko gunea bilakatu da herritar askorendako. Zerbitzua zabaltzeak gastu handiagoa dakar atzetik, nahiz eta gure asmoa ahalik eta zerbitzu onena ematea den. Ez dugu erraz ikusten eskaera horri irtenbidea ematea, baina aztertuko dugu eta ikusiko da zer egin daitekeen, erabiltzaile asko baititu Agorrosingo kirolguneak".
Bidegorria ez da oraindik iritsi hainbat tokitara, Goiko Estaziora tartean. "Gipuzkoako Diputazioaren konpetentzia da bidegorri sarearena eta beraiekin aztertu beharreko kontua da. Noiz egin daitezkeen lan horiek ez dakit. Behin baino gehiagotan esan dudan moduan, ez dira garai onenak hauek edozein proiekturi ekiteko diru falta nabarmena delako erakunde guztietan. Edozelan ere, bidegorri sarea ahalik eta leku gehienetara zabaltzea da asmoa eta gai horrekiko sentsibilitate handia dago Diputazioan".