Euskaraz jardun, jolastu eta gozatu dute Bergaran

Irati Goitia 2012ko martxoaren 12a

Euskaraz bizi nahi dut astea egin dute Bergaran, Euskal Herrian Euskaraz, Ikasle Abertzaleak eta Jardunek antolatuta. Helburua eragile ezberdinen arteko elkarlana bultzatzea zen eta baita euskararen normalizazioari ateak irekitzea ere. Hala, hainbat ekintza egin zituzten.

Dokumentala eta hitzaldia

Joan den asteko martitzenean Izan, egin, eragin izeneko dokumentalaren emanaldia izan zuten gaztetxean. EHEen ibilbidearen gaineko ikus-entzunezkoa da eta batez ere gazte jendea erakarri zuen.

Eguaztenean, bestalde, hitzaldia eskaini zuen Iñaki Martinez de Lunak kultura etxean. Euskaraz bizitzeko ditugun oztopoen gainean jardun zuen eta baita eman beharreko urratsez ere.

Asteburuan, festa giroa

Egubakoitzean bertso afaria izan zuten Agorrosingo tabernan, Jon Maia eta Agin Rezolarekin. Umore onean aritu ziren bertsolariak eta aparteko giroa sortu zuten. 30 lagun inguru elkartu ziren.

Zapatuan, amaitzeko, haurrendako tailerrak egin zituzten Simon Arrieta plazan. Besteak beste, Euskaraz bizi nahi dut leloarekin txapak eta banderak egin zituzten. Gauean, eguna borobiltzeko, kontzertua izan zen gaztetxean.

Donostian jaialdia

Zapatu honetan, hilak 17, Euskaraz bizi eguna egingo da Donostian. Horrenbestez, motorrak berotzea eta jendea hiriburura joatera animatzea ere bazen aste hau antolatzearen helburua. Egun osoko egitaraua antolatu dute: tailerrak, manifestazioa eta kontzertuak, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak