Mankomunitatearen Jardunaldi Gastronomikoetako ekimenen barruan, Munibe plazan karpa jarri eta txokolate beroa eta San Blas opila banatu zituzten –euro baten truke– Bergarako Mujika, Larrañaga eta Raizabal gozotegiek zapatu iluntzean.
Mugimendu polita egon zen karpan: adineko, familia eta gaztetxo, denetarikoak agertu ziren sabela goxatzera eta, bide batez, herriko gozogileek salgai jarritako beste produktu batzuk ere erosi zituzten askok.
Xabier Mujikaren arabera halako ekimenak aproposak dira, euren produktuak jendeari gerturatzeko. Bigarren aldia dute: aurrekoan tostoi eta errellenoak banatu zituzten. Oraingoan kopurua handiagoa izan da, aurrekoan motz geratu omen ziren-eta.