San Blas opilak eta txokolatea herritarrendako

Eneko Azkarate Laspiur 2012ko martxoaren 9a

Bergarako gozogileek San Blas opilak eta txokolatea banatuko dituzte bergarako Munibe plazan, zapatuan, 19:00etan. X. Jardunaldi Gastronomikoen barruan antolatzen den beste ekimen bat da. Bergarako Larrañaga, Mujika eta Raizabal gozotegietakoek prestatutako gutiziak herritarrendako.

Bergarak gozogintzarekin duen harremana luzea eta zabala da, honen lekuko dira Bergarako gune historikoan, gaur egun, era tradizionalean, errelleno eta tostoiak eta beste hainbat produktu ekoizten dituzten hiru gozotegiak.

Larrañaga Gozotegia

  • 1840. urtean, Gotxotegia zegoen gaur egungo kokapenean, Felix Arantzadi eta Valentina Unamunoren agintepean. Ordurako, Bergarako errellenoak deituriko bizkotxoak egiten ziren bertan.
  • 1870an, negozioa eta instalazioa Doroteo Untzurrunzaga Egiak hartzu zituen 1905ra arte.
  • 1905. urtean, Manuel Larrañaga familiak hartu zuen negozioa eta gaur egun, familiaren laugarren belaunaldiak jarraitzen du lanean.
  • Argizarien ekoizpena eta kafetegi funtzioa garai batean bazuen ere, gaur egun gozotegiko eskaintza du. Etxe honetan, 1860ko urtarrilaren 4an Telesforo Aranzadi Unamuno jaio izan zen.

Mujika Gozotegia

  • 1916. urtean Francisco Mujikak sortu zuen etxea, Bilbon Otxoa Gozotegian ikasi ondoren.
  • Bere seme Roman Mujikak jarraitu zuen eta gaur egun, honen seme Xabierrek. Beraz, familiaren hirugarren belaunaldiak jarraitzen du Bergarako tradizioko artisau-gozoak ekoizten eta saltzen. Garai batzuetan, argizaria eta txokolatea ekoizten zituzten.

Raizabal Gozotegia

  • 1908. urtean Basilio Raizabalek jarri zuen gozotegia, umetatik Piaren Gozotegian aprendiz lanetan ibili ondoren. Gaur egun, familiaren laugarren belaunaldiak jarraitzen du tradiziozko-gozoak egiten. Garai batean, argizaria ere egiten zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak