Hurrengo hegaldia irtetera doa...

Arritxu Barruso 2012ko martxoaren 10a

Bistaz agian ez duzue ezagutuko, baina seguru Mark Stutterren ahotsa behin baino gehiagotan entzun duzuela. Aireportuetan zenbat bider entzuten dira "Please, do not leave luggage unattended", "Last call for Iberia flight 3110" eta halako mezuak?

Bada, Mark Stutter bergararra da bidaiariei ingelesez, besteak beste, zein atetara gerturatu behar duten azaltzen diena. Espainiako Estatuko aireportu guztietan, Espainiako irletan eta Ceutan eta Melillan ere entzuten dute haren ahotsa.

Lourdesko miraria
Eta nola amaitu du aireportuetako ingelesezko ahotsa izaten? Lourdesko miraria izan zela kontatu digu bergararrak. "Gaztetan Lourdesera joaten nintzen, boluntario, esku-oheak eramatera, orduan modan zegoen-eta. Bertan ezagutu nuen bikoizketa kontuak egiten zituen enpresa batean lan egiten zuen neska bat. Hainbat proba eta lan egin nituen, eta, tartean, AENA enpresarendako lan hori irten zen. Bitxia da, bai. Horregatik, beti esaten dut Lourdeseko miraria izan zela", diosku, barre artean. 
Duela hamabost urte izan zen hori, baina oraindik ere eguneraketak grabatu behar izaten ditu. Aste honetan bertan, esaterako, grabazio estudioan harrapatu dugu: "Lan gogorrena duela hamabost urte egin genuen, baina norako berriak sortzen dira, edo konpainia berriak, eta baita aireportuetan esan beharreko mezu berriak. Beraz, noizean behin eguneraketak grabatu behar izaten ditut".

Intonazioa asko zaindu behar izaten duela kontatu digu, grabazioaren ostean sistema informatiko batek esaldiak osatu eta puzzlea egiten duelako. Eta zer sentitzen du Hondarribiko aireportura joan eta bere ahotsa entzuten duenean? "Hasieran oso arraroa zen, eta mundu guztiari kontatu nahi nion ahots hura nirea zela; orain berriz, lotsa ematen dit, lotsa handia sentitzen dut".

Ingalaterra eta Ubera artean
Aita ingelesa du Stutterrek eta ama, bergararra. 7 urterekin etorri zen Bergarara bizi izatera, Ubera auzora, hain justu ere: "7 eta 18 urte bitartean Uberan bizi izan nintzen. Ondoren, Ingalaterrara joan nintzen unibertsitateko ikasketak egitera, eta 23 urterekin itzuli nintzen berriro ere Bergarara. Gurasoek Kensington izeneko ingeles eskola zeukaten Bergaran, eta bertan hasi nintzen eskolak ematen. Orain, hura itxita dago eta nik izen bereko eskolak ditut Elgoibarren eta Donostian".
Aste Santuko oporrak gertuan ditugu, eta, beste behin, milaka eta milaka bidaiari gidatuko ditu Stutterrek, maleta begi bistaz galdu ez dezaten edo, are garrantzitsuagoa, hegaldia huts egin ez dezaten. Ardura itzela!

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak