'La Bascongada'-ren eragina
Bergarako margolarien gainean zerbait gehiago jakiteko asmoarekin Luis Laskurainengana jo genuen. Hark esan zigun Bolu auzoan tailerra duten hainbat margolari daudela. Hori ez da ohikoa izaten. Bergaran dagoen maila handiaren erakusle da, hain zuzen.
Hitzordua egin genuen margolariekin. Luis Laskurain bera iritsi zen lehenengo. Gainerakoak noiz iritsiko zain geundela, Bergarak pinturarekin izan duen harremanaz berba egin genuen. Laskurainen ustez, hainbat arrazoi daude: "Beti pentsatu izan dut Simon Arrietak egin zuen lanagatik dagoela Bergaran halako zaletasuna; baina ez da hori bakarrik, askoz ere lehenagotik dator harreman hori". XVIII. mende erdialdean Bergaran eratu zen Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak eragin handia izan zuela dio Laskurainek: "Institutu hura arlo teknikoan oinarritzen zen, batez ere meatze eskola bat zen. Hala ere, hezkuntza tekniko horren gehigarri moduan Arte Ederrak eskaintzen zituzten". Hortaz, aspalditik dator Bergararen eta artearen arteko lotura. Gerora, hainbat margolari handi egon dira Bergaran: adibidez, Eustakio Agirreolea (1867-1952); baina Bergaran margolari handi bat egon bada, hori Simon Arrieta izan da. Gaur egungo margolarien maisua izan zen, eta Laskurainek dio "margotzen irakasteaz gain irakasten irakatsi" ziela. Margotzeko zuen trebetasunaz gain, Arrietaren meritu handiena pinturarekiko zaletasuna besteengan ere piztea izan zen. Herriko gazte askori ireki zizkien estudioko ateak Arrietak, eta, modu horretan, pinturarekiko zaletasuna eta maitasuna piztu zuen bergarar askorengan.
Beart elkartea sortu zuten
Laskurain bera Arrietaren ikaslea izan zen, eta baita Mari Paz Alustitza eta Ricardo Azkargorta ere. Talde hura izan zen gaur egungo margolarien oinarria, Bergarako eskola sendotu zuen Arrietak.
Bergaran, gainera, Udalak beti lagundu izan die herriko artistei. 1966an Udalak Zabalotegiko lokala utzi zien euren sormen lanak egiteko. Gerora, beste hainbat lokaletan egon izan dira: Seminarioan, Verdury-n, Irizarren, eta gaur egun Bolu auzoan daude. Gaur egun, gainera, Beart arte elkartearen barruan daude. "Italiara egin genuen elkartruke baten ondorioz sortu zen elkartea", gogoratu du Bingen de Pedrok. 1992an izan zen elkartrukea. Bergarako 29 pintore Italiara joan ziren, Ortonovora. Italiarren margolanak Errotalde jauregian egon ziren ikusgai. Elkartrukearen ondoren sortu zuten elkartea. Gaur egun 65 bat bazkide dira elkartean eta Bingen de Pedro da presidentea. Elkarteak ateak zabalik ditu herritarrendako. Ricardo Azkargortak ematen ditu pintura eskolak Bearteko lokalean: "Nagusien eta gaztetxoen taldeak ditugu: nagusietan 22 bat lagun daude eta gaztetxoetan, 25". Gainerako pintoreek ere eskolak ematen dituzte Bergaran edo inguruko herrietan. Luis Laskurainek Oñatin eta Arrasaten ematen ditu eskolak; Bingen de Pedrok ere Arrasaten; eta, Juango Altunak Elorrion eta Boluko tailerrean.
Boluko tailerrak
Luis Laskurainen tailerra bisitatu genuen lehenengo. Estilo errealista du Laskurainek. Paisaia hiritarra erakusketako hainbat margolan ditu tailerrean. Hain zuzen, margolan horiekin munduko hainbat txoko bisitatu ditu: besteak beste, New Yorken egon zen Laskurain 2008an, 2009an eta 2011n. Gainera, objektuz beteta du Laskurainek tailerra: "Lagunek ematen dizkidaten objektuak dira batzuk".
Bingen de Pedrok hiru dimentsioko artelanak egiten ditu: "Ez dira eskulturak, atzealdea dutelako, hau da alde batetik bakarrik ikus daitezke". Tamaina handiko margolanak egiten ditu, gero desmuntatu egiten ditu gordetzeko. Parisen eta Gasteizen egin zituen ikasketak de Pedrok, eta munduan zehar ibili da bere lanak erakusten: talde erakusketak egin ditu Bilbon, Madrilen, Eslovenian (2003) eta Japonian (1996, 2001), besteak beste.
Ricardo Azkargotak natura eta gizakiaren artean dagoen loturaz dihardu azkenaldian: "Naturarekiko dugun ikuspegia azaldu gura dut: naturala da ikusten duguna?". Naturan dauden gauzei argazkia egiten die Azkargortak. Ondoren, ordenagailuaren bitartez irudi hori errepikatu, handitu... egiten du. Manipulatutako irudi hori proiektatu egiten du eta margolana sortzen du azkenik. Bestalde, akuarelarekin ere egiten ditu lan gutxi batzuk Azkargortak.
Xabier de Zerio eskultorea da. Nola lan egiten duen azaldu digu: "Lehenengo marraztu egiten dut eta ondoren kartoizko edo egurrezko maketa egiten dut". Burdinazko eskultura handiak espezializatutako enpresetan egiten diote. Gizakia eta lurra gaiak asko errepikatzen dira bere lanetan: "Euskal etnografia erakutsi gura dut". Baserriko lan tresnak erabiltzen ditu: aitzurra, laia, iltzeak... Burdinazko elementu horiek egurrarekin edo harriaren nahasten ditu de Zeriok.
Juango Altunak betidanik ezagutu izan du pintura mundua. Haren aita Arrietaren adiskidea zen. "Denetik" egiten duela dio: inpresionismoa, espresionismoa... Espainia guztian erakutsi ditu lanak Altunak, bai bakarka eta baita taldeka ere.
Kanpoan bizi direnak
Bost artista handi horien tailerrak ezagutzeko aukera izan dugu. Baina, Bergaran badaude euren tailerra duten artista gehiago: Marilu Untzurruntzaga, Santi Arrieta, Jon Balentziaga, Xabier Ugalde eta Jone Telleria, esaterako. Gainera, Bergaratik kanpo bizi diren margolariak ere badaude: Joquin Loidi, Xabier Arregi, Jose Mari Lazkano, Dani Laskurain, Jose Mari Ugalde eta Manu Muniategiandikoetxea. Artistaz betetako herria, duda barik.