Bagara Bazara prozesu parte-hartzailearen bitartez hemendik eta 2020ra bitarteko Bergara irudikatu ahal izan da hainbat arlotan eta horietako bat da kirola. Prozesu parte-hartzaile horretan kirola saretzeko beharra ikusi zuten herritarrek, hau da, kirol jardueretan dabiltzan pertsonak eta erakundeak elkartu eta antolatzeko beharra. Bada, behar horri erantzunaz Bergarako Udalak Kirol Kontseilua sortu berri du. Otsailaren 29an bilera irekia egin zuten eta horrelaxe eman zituen lehenengo urratsak Bergarako Kirol Kontseiluak. 24 lagun elkartu ziren bilera hartan eta Kirol Kontseiluaren funtzionamendua zehaztu zuten: "Asmoa da urtean bi aldiz elkartzea eta horrez gain, Kirol Kontseiluko batzorde iraunkor bat osatzea, bi hilabetean behin-edo elkartuko dena", adierazi du kirol teknikari Iñaki Ugarteburuk. Martxoaren 16ra arteko epea ireki dute orain batzorde iraunkor horretako pertsonak izendatzeko.
Baina Kirol Kontseiluaren funtzionamendua zehazteaz gain, lehenengo bilera hartan, datozen lau urteetan kirol arloan Bergarako Udalarendako lehentasunak zeintzuk izan beharko liratekeen eztabaidatu zuten. Hamar arlo edo helburu zehaztu ziren eta orain martxoaren 16ra bitartean herritarrek arlo horietatik lehentasuna zeri ematen dioten adierazi ahalko dute. Horretarako Bergarako Kirola izeneko bloga ipini dute martxan, herritarren proposamenak egin ditzaten.
Bergarako Udala pozik dago orokorrean, kirolari dagokionean, dituzten datuekin. Agorosorringo kirol-gunean 4000 bazkide daude, eta Bergaran 400 edo 500 lagun inguru daude kirolean federatuta. Gainera, horrez gain, eta antolatutako sistematik aparte, jarduera fisikoa egiten duen herritar asko dagoela jakin badakite. Dena dela, helburua litzateke, kirol eskaintza erakargarria eta kalitatezkoa eskaintzea bergararrei, Bergara herri aktiboa izan dadin, eta ahalmena duten herritar guztiek jarduera fisikoa edo kirola egin dezaten.