Jesus Elortzak atez atekoa, aurrekontuak edota Seminarioko museoa jorratu zituen

Edu Mendibil 2012ko martxoaren 7a

Goiena Telebistako 'Harira' saioan Jesus Elortza Bergarako alkatea elkarrizketatu zuen atzo Eneko Azkaratek. Herritarren intereserako gai mordoa izan zituzten mahai gainean eta ikus entzuleek planteatutako galderei ere erantzun zien Bergarako alkateak.

Ordubete inguru jardun zuten solasean Jesus Elortza alkateak eta Eneko Azkarate saioko aurkezleak. Mahai gainean, pil-pilean diren hainbat gai izan ziren. Azken asteotan atez ateko zabor bilketa sistema da gai izarra Bergaran, Udalak 2013ko ezartzea aurreikusi baitu. Horren gaineko galdera planteatu zion Aintzane Oiarbide EAJko bozeramaleak; Oiarbideren ustez atez atekoarekin ez da zaborren arazoa konpontzen eta Udalak sistema horren alde zergatik egiten duen galdetu zion alkateari. Zero Zabor filosofiaren alde hasieratik egin dutela eta filosofia horrekin ondoen bat egiten duen sistema atez atekoa dela esan zuen Elortzak.

Udal aurrekontuak datozen asteotan onartuko dituztela aurreratu zuen alkateak. Gastu arruntaren murrizketarekin herritarrak babesten saiatu direla, eta krisiak herria hobeto gestionatzen erakutsiko digula azpimarratu zuen alkateak. Era berean, oposizioaren ekarpenak jasotzeko gertu azaldu zen Elortza. Hilaren amaieran edo apirilaren hasieran aurrekontuak onartzea da Udal Gobernuaren asmoa.

Esan bezala, saioa zuzenean izanda, herritarrek ere izan zuten galderak planteatzeko aukera eta horietako bat Seminarioko museoarekin lotutakoa izan zen. Agintaldiko proiektu izarretako bat dela aitortu eta Seminarioko permuta gauzatu bitartean museoa beste nonbaiten kokatzeko aukera aztertzen dihardutela esan zuen alkateak.

Horrekin lotuta, esan bezala, Seminarioko permuta dago eta Diputazioaren zain daudela esan zuen alkateak: permuta sinatu baino lehen plangintza ekonomikoa lotu nahi dute. Hasiera baten, Arrizuriagan egin beharreko berritze lanek 5 milioi euro inguruko aurrekontua izango lukete. Akordioa gauzatuz gero, Arrizuriagan UNED kokatuko litzateke, eta Seminarioan, gaur UNEDek betetzen duen tokian, museoa eta Udal Liburutegia. Seminarioko elizan kultur emankizunetarako aretoa kokatzea aztertzen dabil Udala.

Ekonomia aldetik, garai txarrak dira hauek eta, besteak beste, Miguel Altuna berria Artabillan eraikitzeko Jaurlaritzaren partetik aurtengorako diru partidarik ez dagoela esan zuen alkateak. Dagoeneko zortzi hilabete egin ditu alkatetzan Elortzak. Berak atzo esan bezala, aurretik, Ubera auzoko alkatea zenean, txalupa baten zebilen. Orain, alkatetza hartu zuenetik transantlantiko baten doa; alboan tripulazio ona duela nabarmendu zuen alkateak atzoko saioan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak