'Ndank ndank' doa Bergarako Senegaleko Lagunen Elkartea

Mirian Biteri 2012ko martxoaren 7a

Helburu bikoitzarekin sortu berri dute Bergaran Ndank Ndank elkartea: alde batetik, senegaldar eta euskaldunon artean kulturartekotasuna sustatzea nahi du; eta beste aldetik, Senegalen hezkuntza eta osasunarekin lotuta dauden lankidetza proiektuak aurrera eroatea.

Joan den irailean hasi ziren egitasmo horrekin. Gaur egun Bergaran bizi diren hainbat senelgaldarrek elkartea osatzea aztertu zuten, eta ideia hainbat bergararrei komentatu zuten. Herrian zabaltzen joan zen, eta dagoeneko elkarteen erregistroan izena emanda dute. Izen esanguratsua jarri izan diote horri: hain justu ere, Ndank Ndank. Pausoz pauso edo poliki poliki esan nahi du Senegaleko wolof hizkuntzan. Azaldu dute senegaldarrek askotan erabiltzen dituzten hitzak direla horiek, eta elkartean dagoeneko barneratuta dutela; gehienek, eguneroko bizitzan erabiltzeko ohitura dutela diote. Zuzendaritza batzordea ere gertu dute. Honakook osatzen dute taldea: Mamadou Sarr presidentea, Elisabete Dominguez presidente ordea, Mireia Gallastegi idazkaria, Ainhoa Dominguez diruzaina, eta Migel Angel Arregi eta Souleymane Sarr batzordekideak.

Berbaldia
Herrira begira ere lan egiten hasi dira. Elkartearen aurkezpen ofiziala maiatzaren 4an egingo dutela iragarri dute. Ekitalditxo batekin batera, Senegaleko errealitateari buruzko berbaldia egingo dute. Horretarako Jaurlaritzako Biltzen zerbitzuko (Integraziorako eta kulturen arteko Bizikidetzarako Euskal Zerbitzua) teknikaria ekarriko dute; senegaldarra da bera eta herriari buruzko datuak ematearekin batera, han batzen direnen artean irten daitezkeen zalantzak argitzen saiatuko da. Zuzendaritza batzordekoek jakinarazi digute aurkezpena egiten dutenerako gertu izango dituztela urtean zehar herri mailan egingo dituzten ekintzak; horretan dabiltza orain buru-belarri. Ezer zehatzik aurreratzerik ez badute ere, herri mailan kultura, gastronomia eta kirol ekintzak antolatzeko asmoa dutela jakinarazi digute. Horien berri emango dute maiatzaren 4ko ekitaldian.

Presidentea Senegalen
Horretaz gainera, ordurako Senegaleko Fatick eskualdean dagoen Dionewar herrian martxan jarri nahi dituzten garapenerako lankidetza proiektua ere zehaztuta izango dute, eta horren gaineko azalpenak emango dituzte egun berean. Horren harira, zuzendaritzakoek azaldu digute elkartearen presidente Mamadou Sarr Senegalen dagoela orain, hango Gobernuz Kanpoko Erakunde ezberdinekin kontaktatzen eta elkarlanean esandako proiektua aurrera ateratzeko. Otsaila hasieran joan zen Senegalera, eta maiatza aldean du handik itzultzeko asmoa. Migel Angel Arregik azaldu digu Mamadou Sar “bertatik bertara” dabilela egon daitezkeen beharrak ezagutzen. Horren harira, Elisatebe Dominguezek honakoa gaineratu du: “Garrantzitsua iruditzen zitzaigun guk Euskal Herritik egitea baino, Senegaletik bertatik esatea zeintzuk diren behar inportanteenak. Beraiek dira zer behar duten ondoen jakiten dutenak”. Souleymane Sarrek proiektu horiek hezkuntza eta osasunarekin lotuta egongo direla azaldu digu, eta Dionewarreko errealitatearen berri eman digu. Hezkuntzari dagokionez, eskolan sartzeko arazoak dituzten neska-mutikoei laguntzea bilatzen da bereziki.

Bi bider huts eginda kalera
Horren harira, honakoa adierazi digu: “Eskoletan gela gehiago behar dituzte. Sei urte bitarteko geletan, normalean, 60 eta 70 neska-mutiko inguru batzen dira; kopuru hori larregikoa da. Gero, Bigarren Hezkuntza egin ahal izateko azterketa bat gainditu beharko dute, eta gela horietan 50 lagunetik gora daude. Guztiak ezin dira pasa, onenak aukeratzen dituzte. Batxilergoa egitea nahi dutenek beste azterketa bat pasa beharko dute. Oso gogorra da, onena izatera behartuta daude-eta. Bi bider huts egiten badute, kalera doaz eta ikasteari utzi behar diote”. Osasun arloan ere txarto daudela nabarmendu du. Hainbat zonaldetan mediku bakoitzak 50.000 herritar dituela salatu du. Horren harira, esan du Dionewarren ere egoera kaskarra dela. Sarren esanetan, zonalde horretan 40.000 eta 45.000 artean dago kopuru hori.

Udalak begi onez
Guzti hori aurrera eroan ahal izateko, laguntza behar dutela gogorarazi dute Ndank Ndank taldekoek. Dagoeneko Bergarako Udalarekin jarri dira harremanetan; proiektua begi onez hartu badute ere, baliabide aldetik mugatuta daudela jakinarazi diete; dena dela, ahal den neurrian laguntzeko asmoa dutela jakinarazi diete. Horrekin batera, gogorarazi diete irailean zabaltzen dela horren gaineko laguntzak eskatzeko deialdia.

20 euroko urteko kuota
Administrazioen aldetik laguntza heltzen den bitartean, herritarren laguntzarekin dute aurrera egiteko asmoa. Guztien izenean, honakoa esan digu elkarteko idazkari Mireia Gallastegi bergararrak: “herritarren laguntza gabe zaila izango da ekintzak aurrera eramatea”. Bergararrei eta oro har, debagoiendarrei zabaldu diete gonbite hori; eta laguntza hori jaso ahal izateko hainbat bide jarri dituzte herritarren eskuetan: alde batetik, elkarteko bazkide egin daitezkeela azaldu du urtero 20 euroko kuota ordainduta; bestetik, antolatzen diren ekintzetan boluntario moduan parte hartu dezakete; eta bestetik, laguntzak ere egin daitezke Caja Ruraleko 3008 0169 52 2459228025 zenbakian. Horren gaineko informazioa edo laguntzea nahi dutenek hainbat bide dituzte Ndank Ndank elkartearekin harremanetan jartzeko: egubakoitz arratsaldeetan herriko kultura etxean izango dira; informazioa ematearekin batera, elkarteko bazkide egin ahal izateko esku orriak ere izango dituzte han eta baita herriko beste hainbat tokitan ere, hala nola, tabernetan, dendetan eta baita kiroldegian ere. Sare sozialak ere erabiltzen dituzte, eta Facebooken kontu bat zabaldu dute: Ndank Ndank Elkartea. Eta azkenik ndank.ndank.elkartea@gmail.com helbide elektronikoa eta 677 705 356 telefono zenbakia ere interesa dutenen eskura jarri dute.

-------------------------

Souleymane Sarr: "Hizkuntzak elkartrukatzea oso aberasgarria da: nik hemengoa ezagutuko dut, eta debagoiendarrek senegaldarrena"

Souleymane Sarr urteak daramatza Euskal Herrian. Senegaleko hegoaldeko kostaldean dagoen Dionewar herrian jaio zen orain dela 36 urte, eta azken urteak gurean eman ditu. Lehenengo lau urteak Bizkaian eman zituen, eta gaur egun, berriz, Aretxabaletan bizi da. Debagoienean bizi den komunitate senegaldarraz egin digu berba datozen lerroetan.
Zenbat senegaldar daude Debagoienean?
Gutxi gorabehera 30 lagun inguru gaude; batzuk etorri berriak dira baina beste batzuek dagoeneko bost urte daramatzate bailaran; gehienak, dena dela, Bizkaitik pasa dira aurretik, Markina aldetik bereziki. Debagoienean oso pozik gaude; egia esan, hasieratik oso ondo hartu gaituzte. Gure artean batzuetan tabernetan edo baten etxean geratzen gara, eta horrelako hitzordu batetik sortu zen elkartea sortzeko ideia, guztiok zonalde berekoak gara; aurretik, dena dela, asko egin dugu berba eta sakon aztertu dugu horrelako zerbait sortzeko aukera.
Jakinekoa da harreman ona daukazuela; esaterako, Mamadou oso ezaguna da Bergaran
Bai, hala da. Bizpahiru urte daramatza Bergaran eta herri guztiak ezagutzen du. Bergarar batekin bizi da gainera; Migel Angel Arregi da hain justu bere pisu kidea. Gainera, euskara ere ikasi du eta ederto moldatzen da hizkuntza horretan. 
Mamadou Sarrek dagoneneko ikasi du. Zuk ere euskara ikasteko asmoa duzu?
Gustatuko litzaidake, baina oraingoz nahikoa daukat lanarekin eta baita gaztelaniarekin ere. Baina hizkuntzak elkartrukatzea oso aberasgarria dela iruditzen zait.  Modu horretan, nik hemengoa ezagutuko dut, eta debagoiendarrek senegaldarrena. Elkartean, esaterako, wolof hizkuntzan hainbat hitz ikasi dituzte dagoeneko.
Senegalen hainbat proiektu jarri nahi dituzue martxan, ezta?
Hala da, hezkuntzarekin eta osasunarekin lotuta daudenak. Dena dela, oraindik zehazteke daukagu guztia. Elkarteko presidentea Senegalen dago orain, gure eskualdeak dituen beharrak gertutik jarraitzen. Bera joango da bidaltzen horren gaineko informazioa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak