Zer moduz hasi da denboraldia?
Ezin naiz kexatu, jokatutako bi txapelketak irabazi egin ditudalako (Bidasoan egin zuten Gipuzkoako Txapelketa, eta Pau-n Euskadiko kopako saio bat). Denboraldia, baina, hasi baino ez da egin, txapelketa garrantzitsuenak, nazioartekoak, uda partean izaten direlako.
Aurten ze helburu duzu?
Udan gazte mailako Munduko Txapelketa jokatuko da Ameriketan, eta hara sailkatzea nahiko nuke. Txapelketa horren ostean egingo dute Europakoa, Eslovenian, baina Munduko Txapelketa jokatuz gero Europakora ere sailkatuta egongo nintzateke. Eslovenian hiru lagunendako tokia egongo da, Mundialean bakarrarendako tokia dago.
Eta bertara sailkatzeko zer egin behar duzu?
Espainiako Kopa eta Txapelketa barruan dauden hitzorduek puntuak ematen dituzte, baina horrekin batera oso garrantzitsua da Pirinioetako Txapelketa barruan dauden probetan lan ona egitea. Txapelketa horiek Foix-en (Frantzia), Pau-n (Frantzia) eta Seu d'Urgell-en egiten dituzte.
Konpetentzia handia duzu?
Espainia mailan gure kategorian posible da txapelketa batera 40 piraguista azaltzea. Baina, maila antzerakoan zazpi piraguista inguru ibiliko gara. Hala, guztien artean onena izan beharko nuke sailkatzeko.
Ze asmo duzue Seu d'Urgell-en egingo dituzuen egunotarako?
Honaino etortzen garenean gogor entrenatzeko izaten da. Euskal Herrian Bidasoan baino ezin da ondo entrenatu, eta benetako kanal batean ibiltzeko Seu d'Urgell-era etortzen gara, edo Frantziara jotzen dugu. Hemen badaude gazteak egunero entrenatzen dutenak, eta gu tarteka etortzen gara, oso garestia delako uretan egiten dugun ordu bakoitza, federazioak diru mordoa ordaindu behar izaten du. Ez dugu besterik egiten, entrenatu eta atseden hartu.
Gogorra izango da.
Beno, batez ere bidai luzea egin behar izaten dugulako honaino etortzeko. Gogorra da, orain gertatzen den moduan, asteartean azterketa bat baldin badaukazu.
Zaila izango da kirol horretatik bizi ahal izatea.
Oso-oso onak direnek ez dute arazorik piraguismotik bizi izateko, eta horrelakoak ez daude asko. Gainontzekoek... [Barre].
Zer du piraguismoak?
Ez dela kirol batere monotonoa, erreka bakoitza ezberdina da, eta bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Eta, erreka bakoitzak ere gauza ezberdinak egiteko aukera ematen du. Aparte, norberak hobetzeko duen erronkak ere zeresan handia du.
Zertan hobetu behar duzu?
Transmisioan, batetik. Hau da, palakada bakoitza ematerako orduan teknika oso garrantzitsua da, palakada horrekin transmititzen den indarra ahalik eta handiena izan dadin. Eta saltoetan ere hobetu beharra daukat. Saltoa egin eta asko urperatzen bazara denbora galtzen ari zara; zaindu egin behar da hori, piraguista batetik bestera bi segundo baino gutxiagoko aldea egoten delako.
Erreketan ibiltzen zarete. Baina, itsasoan, lakuetan... Atsegin duzu ibiltzea?
Lakuetan ez horrenbeste, hor palakadak bata bestearen ostean ematea delako gakoa. Baina hori ere ondo egiten jakin behar da, teknika lantzeko aproposa da. Eta itsasoan ere beste horrenbeste, olatuak hartzen ikasteak ere asko laguntzen du teknika ikasteko.
Denboraldiaurrea neguan egiten duzue. Ez da errekako ur hotzetara sartzeko sasoirik aproposena...
Batzuetan gogorra izaten da, bai. Erreka bazterrak izoztuta daudenean uretara sartzea, edo erabat izoztuta, joan den astean moduan... Arropa aproposa eramaten dugu, baina neoprenoak ezin daitezke oso sendoak izan, bestela ezinezkoa izaten da mugitzea.
Errekan izango zenuen sustorik.
Bai, bat edo beste. Uretara erori eta harriren batekin min hartu, edo lagunen bat harri artean desagertzen dela ikusi eta beherago azaldu... Horrelakoak ekiditeko garrantzitsua izaten da erreka bakoitza ondo ezagutzea, non dauden ur korronte gogorrak, non egiten diren olatuak, harriak...
-------------------------
Klubean gazteen garrantzia: Bergarako Beti-Busti klubak 25 urte bete zituen iaz, eta urte horietan sasoi makalak eta oso onak izan dituzte. Txapelketa arloan Ugalde da gehien nabarmentzen dena, baina Bergarakoak azpimarratu du gazteak datozela atzetik, eta hori dela garrantzitsua: "Unibertsitate sasoian jendea kanpora joaten da ikastera, eta utzi egiten dute piraguismoa. Baina, ikusten da atzetik gaztetxoak badatozela, eta horrek mantentzen du kluba bizirik".
