Iñaki Martinez de Lunaren hitzaldia eguaztenean kultura etxean

Edu Mendibil 2012ko martxoaren 5a

Bergarako Euskal Herrian Euskaraz, Ikasle Abertzaleak eta Jardun elkartearen eskutik, Euskaraz bizi nahi dut lelopean, hainbat ekitaldi izango dira asteon Bergaran.

Bihar, martitzena, Izan, egin, eragin EHEren dokumentala emango dute gaztetxean, 19:00etan, eta eguaztenerako Iñaki Martinez de Lunaren hitzaldia iragarrita dago. Euskaraz bizi nahi dut baina... izenburuko hitzaldia egingo du Martinez de Lunak kultura etxean, 19:30ean. Soziologian Doktorea da Martinez de Luna gasteiztarra, Soziolinguistika Klusterreko sortzaileetako bat eta Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea. Hainbat lan eman ditu argitara.

Bertso afaria Agorrosinen
Bestalde, antolatutako ekitaldiekin jarraituz, egubakoitzean, hilaren 9an, bertso afaria izango da Agorrosin kirolguneko tabernan. Jon Maia eta Agin Rezola bertsolariek alaituko dute giroa. Izen-ematea Agorrosingo tabernan bertan egin daiteke.
Zapatuan, berriz, haurrendako tailerrak izango dira Simon Arrietan, 16:30etik aurrera; ondoren, Euskaraz bizi nahi dut kalejira aterako da San Martin plazatik 19:00etan eta ekitaldiei amaiera emateko kontzertua izango da gaztetxean, 23:00etan.
Datorren martxoaren 17an Euskaraz bizi eguna ospatuko da Donostian eta Bergarako ekitaldiekin ordurako "motorrak berotzea" da antolatzaileen asmoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak